Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Jaialdia

Muse, Bilbao BBK Live 2015eko lehen kartelburua

Erredakzioa

Britainiar taldea Kobetamendin izango da larunbatean (uztailaren 11n), jaialdiaren hamargarren edizioan. Uztailaren 9tik 11ra egingo dute Bilbao BBK Live aurten.

  • Matt Bellamyren taldea Bilbon egongo da. Argazkia: Efe.

    Matt Bellamyren taldea Bilbon egongo da. Argazkia: Efe.

Bilbao BBK Live 2015 jaialdiak badu bere garrantzizko lehen izena. Muse talde britainiarra hamargarren jaialdi honetako kartelburua izango da, eta, gainera, Kobetamendiko kontzertua Estatu mailako jaialdietan datorren urtean emango duen bakarra izango da. Taldeak berak jakitera eman duenez, larunbatean; hots, uztailaren 11n, izango da zuzenekoa.

1994an sortu ziren Ingalaterrako Teignmouth herrian (Devon konderria) eta taldekideak txikitatik ezagutzen dira: Matthew Bellamy (ahotsa, gitarra, pianoa, tekatuak), Christopher Wolstenholme (baxua, ahotsak, teklatuak) eta Dominic Howard (bateria, perkusioa, sintetizadoreak).

Zuzeneko kartsuei esker entzutetsuak dira, baita ere space rock, rock progresiboa, sinfonikoa, alternatiboa eta elektronika generoak nahasteari esker. Musek 20 milioi disko baino gehiago saldu ditu bere ibilbide osoan zehar eta ezin konta ahala sari jaso ditu: bost MTV Europe Music Awards, sei Q Awards, sei NME Awards, bi Brit Awards, lau Kerrang! Awards, American Music Award bat eta rock album hoberenari Grammy bat, The Resistance (2009) diskoari esker.

 

Aurreko bira 2012an hasi zen eta bi milioi zale baino gehiagoren aurrean jo zuten mundu osoan. Joan den urriaren 3tik estudioko bere zazpigarren diskoa irartzen ari dira  Robert John 'Mutt' Langerekin, AC/DC taldearen Back In Black (1980) disko gogoangarriaren ekoizlea.

Bonoaren eskaintza berezia, bukatzear

Hiru eguneko bonoaren eskaintza berezia hurrengo 72 orduetan egongo da indarrean; hots, ostiralera arte (9:00ak arte). Ordura arte, 90 eurotan (+ banaketa gastuak) egongo da eskuragarri bonoa. Gainera, Kutxabankeko txartela dutenek 15 euroko beherapena izango dute (saldutako lehenengo 500 bonoen artean). Pertsonako bono bakarra eros ditzakete Kutxabankeko bazkide direnek. Eskaintza berezi hori 16:00etatik aurrera aktibatuko dute.

Kanpalekura joateko asmoa dutenek 8 euro gehiago ordaindu beharko dituzte.

Salmenta-lekuak

www.bilbaobbklive.com webgunean eta Kutxabank Sarean (webgunea eta kutxazainak), Kutxaren eta Caja Vitalen web ataria, Ticketmaster Sarean, www.itnews.net, 902 15 00 25 telefonoan, FNACen, Carreforren, Halcon Bidaiak bulegoetan, www.atrapalo.com eta www.ticketea.com atarietan eskuratu daitezke sarrerak.