Dantzan

Dantzan

Dantzan

Finala

'Jump' lanak jaso du Gaztea Dantzan lehiaketako Entzulearen Saria

L.Z. | eitb.eus

Epaimahairen Saria, berriz, "Dangerous Love" bizkaitarrentzat izan da, eta "Fly" koreografiak lortu du bikote edo bakarlari onenaren golardoa.

2:29

Gauerdian erabaki zen, azkenik, Gaztea Dantzan lehiaketako Entzulearen Saria. Lehia bizia izan ondoren, Bilboko "Jump" koreografiak jaso ditu boto gehien (8.230), eta Santurtziko "Don’t Stop Me Now" geratu da bigarren postuan (8.036).

Epaimahaiak ere ez du lan erreza izan, eta, eztabaida luze baten ostean, azken orduotan erabaki du saria norentzat izan den. Hain zuzen ere, 'Dida' saioan iragarri dutenez, "Dangerous Love" bizkaitarrentzat izan da Gaztea Dantzan lehiaketaren aurreneko edizioko Epaimahaiaren Saria.

Gainerako sarituak

Baina, aipatutako bi sari horiez gain, beste hainbat golardo ere banatu ditugu oraingo honetan.

Mutriku eta Zarautz aldera joan da bakarlari edo bikote onenaren saria, eta, hortaz, 500 euro eskuratu ditu "Fly" bideo-lanak.

Bestalde, Entzulearen Sariak beste bi irabazle utzi ditu: bigarren eta hirugarren postuetan geratu diren taldeak.

Esan bezala, Santurtziko "Don't Stop Me Now" koreografia izan da bigarren sailkatua, eta Gasteizko "Where Have You Been", hirugarrena.

Epaimahaiaren iritzia

- Bakarlari edo bikote onenaren saria, "Fly":

Koreografia arruntetik haratago, istorio bat kontatzen digu bikote honek grabatutako dantzak. Musikaren aukeraketa (konbentzionaletik harago joan dira) egokia izan da, baita koreografiaren estiloa eta hori burutzeko erabilitako ingurunea ere.

- Epaimahaiaren Saria, "Dangerous Love":

Hirukote honek energiaz beteriko koreografia alaia erakutsi digu. Indar berezia, positiboa eta kutsakorra dute hiru dantzariek. Horren koordinazio onak, koreografian sortzen dituzten figurek, espazioaren erabilera egokiak, kamerarekin konektatzeko duten jarrerak eta dantzarako gorputz-adierazpen landuak egin dute irabazle talde hau.

Sariak

Dakizuenez, Entzulearen Sariaren irabazleak 1.000 euro eskuratu ditu; bigarren sailkatuak, 500 euro, eta hirugarrenak, 300 euro.

Epaimahaiak hautatutako taldeak, berriz, 750 euro jaso ditu, eta bikote edo bakarlari onenak, 500 euro.

Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi, eta zorionak irabazleei!