Korrika 2024

Korrika 2024

Korrika 2024

Korrika 19

Bertsoa, antzerkia eta musika, Korrika Kulturalaren ardatz

N.V. | EITB.EUS

Euskarazko hamaika ikuskizunez gozatzeko aukera emango du Korrika Kulturalak aurten, lasterketaren 19. edizioaren kariaz: ‘Fausto’ antzezlana, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, ardo dastatzeak…

3:19

Korrika badator, eta berarekin dakar, ohi bezala, Korrika Kulturala. Lasterketaren hemeretzigarren ediziorako, proposamen errenkada mardula prestatu dute, eta euskal herri eta hirietan ez da faltako, ondorioz, zer egin eta zer ikusi. Aurten, gainera, hiru lehiaketa ere jarri dituzte martxan: bideo-kopla lehiaketa, Korrika abestiaren bertsioena eta euskalkien inguruko bideoena.

Korrika Kulturalak eskainiko dituen ikuskizunei dagokienez, antzerkia (Fausto, herritar eredugarri), musika (Gosariak), umeentzako emanaldiak (Txo, mikmak txikia, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna) , bertsolaritza (Bertsolaritzaren sekretuak eta Bertso Korrika) eta ardo-dastatzeen inguruko diziplina anitzeko saioak (“Hor dago ardoa”) izango dira herri eta hirietan.

Fausto, herritar eredugarri lanak C. Marloweren Fausto antzezlana du abiapuntutzat, eta “Faustoren mitoa gaur egunera ekarri” nahi du, sormen diziplina ezberdinak baturik: aktoreak, idazleak, musikariak, DJak, rap kantariak, eszena zuzendariak, diseinatzaileak... Donostian estreinatuko dute, urtarrilaren 29an, eta Burlata, Gasteiz, Gernika-Lumo eta Bilbon taularatuko dute gero.

Gosariak proiektuan, bestalde, Joseba Sarrionaindia idazleak, Gose musika taldeak eta Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artista plastikoek egin dute bat. Guggenheim museoan estreinatuko dute, urtarrilaren 22an, eta Eskoriatza, Donostia, Hendaia, Gasteiz, Igorre eta Iruñera joango da.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Sondikan estreinatuko dute Txo, mikmak txikia ikuskizuna, Korrika Kulturalaren eskutik, eta Izpura eta Lodosara joango dira gero.

Bertsolaritzari dagokionez, batetik Bertsolaritzaren sekretuak. Isilduriko emakumeen historia ikuskizuna eskainiko dute Hernanin, Iruñean eta Mungian: Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena emakume bertsolarien ikurraren, Xenpelar zenaren ilobaren, eta historiak isilduriko beste emakume bertsolari batzuen lana argitara ekarriko dute, narrazioz, bertsoz eta musikaz lagunduta. Bestetik, Bertso Korrika ere egingo da, Korrika herriz herri bertsoen bidez girotzeko.

Azkenik, “Hor dago ardoa” artez jantzitako ardo dastatzea da. Mikel Garaizabal enologoa buru, zuzeneko musika, margolanak, antzezpena eta bideoa uztartuz, “ardoa gozamen hutsa dela” erakutsi nahi dute, eta asmo horrekin arituko dira Errenteria, Zalla, Gasteiz eta Lizarran.

Korrikaren aplikazioa

Korrika Kulturalaren agenda eskuko telefonoetarako propio sortutako aplikazioan kontsultatu ahal izango da. Bestelako edukiak ere izango ditu, gainera, aplikazioak: ibilbidea, unean uneko lekuko eramailea nor den, argazki lehiaketa… Egunero, jendeak bidalitako argazkirik onenek saria izango dute.

App-a laster egongo da Google Play eta App Storetik jaisteko moduan.