X-gaztea maketa lehiaketa-X

X-gaztea maketa lehiaketa-X

Maketa Lehiaketa

Sari banaketa

Kometa taldeak eskuratu du Maketa Lehiaketako Entzulearen Saria

Erredakzioa

Bart, aurtengo edizioko bost finalisten izenak ere ezagutu ditugu. Hain zuzen, Kometa, Meraki, Rural Zombies, Smoke Idols eta Perlak lehiatuko dira maiatzaren 16ko final handian.

3:29

Gazteako Maketa Lehiaketaren XXIII. edizioa azken txanpan sartu da. Bart, "B aldea" saioan Entzulearen Saria nork eraman duen iragarri dute Ainhoak eta Xabik. Halaber, finalean lehiatuko diren bost taldeen izenak jakinarazi dituzte.

Dakizuen bezala, boto gehien lortzen duen musikariak eraman ohi du Entzulearen Saria, eta aurten Kometa izan da talderik bozkatuena, 3.748 boto lortu baititu. Honen atzetik Meraki getxoztarrak kokatu dira, 3.497 botorekin, eta maiatzaren 16an Bilborock aretoan egingo dugun final handian egoteko txartela eskuratu dute batak zein besteak.

Gainera, epaimahaiak beste hiru hautagai aukeratu ditu: Perlak, Rural Zombies eta Smoke Idols. Hiru talde hauek aurretik aipatutako beste biekin batera izango dira finalean. Guztira, bost kantu hauek dira, beraz, Bilborocken lehiatuko direnak:

Kometa: “Momentuaren zai”

Meraki: “Egiak”

Perlak: “Goazen”

Rural Zombies: “Stones”

Smoke Idols: “Come clean”

Finala

20:00etan abiatuko da hilaren 16ko finala, eta talde bakoitzak bere kantuak zuzenean jo beharko ditu, Bilborocken bildutako jarraitzaileen aurrean.

Egun berean, maiatzaren 16an, Epaimahaiaren Sariaren berri emango dugu.

Sariak

- Epaimahaiaren saria: 2.000 euro dirutan*, 3.000 euro materialean eta 2014ko Bilbao BBK Live jaialdian zuzenean jotzeko aukera.

- Entzuleen saria: 2.000 euro dirutan*.

*Oharra: Dirusariei lehiaketetan ohikoak diren zergak aplikatuko zaizkie.