X-gaztea maketa lehiaketa-X

X-gaztea maketa lehiaketa-X

Maketa Lehiaketa

Maketa Lehiaketa

Hogeita bat finalisten profilak

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Guztira, hogeita bat talde eta bakarlari sailkatu dira bozketa-faserako. Entzuleen botoek erabakiko dute finalerako txartela lortuko duten bi finalisten izenak.

GazteBizHitza saria lortzeko lehian arituko dira martxoaren 15etik 22ra hogeita bat finalistak. Entzuleen botoek erabakiko dute finalerako txartela lortuko duten bi finalisten izenak.

AIZKORAK ZORROZTU

Reparaz anaiak eta Pikowsky daude 2014an sortutako Aizkorak Zorroztu taldearen atzean. Rock makrobiotiko, frenetiko eta super-mistikoa lantzen dute.

DEUS EZ

Eibarren jaiotako hirukoteak duela sei hilabete argitaratu du estudioko lehendabiziko diskoa. Rock musika oinarri duten hamar kantu jaso dituzte bertan.

BIREN

Ane eta Nora 19 urteko bizkien proiektua da Biren. Ahotsaz eta gitarraz baliatuz, kantuak formatu akustikoan taularatzen dituzte. Beste talde batzuen moldaketekin hasi ziren, baina gaur egun badituzte eurek idatzitako eta konposatutako zenbait kantu ere.

BLUE BEANS

Estilo aniztasuna da nagusi Blue Beans boskotearen abestietan. Rocka, bluesa, popa eta jazza uztartzen dituzte, hain zuzen ere.

MARBAN

Getxoztarren zuzenekoetan hiru motako abestiak dira nagusi: doinu lasai eta atmosferikoak dituztenak, ukitu epikoagoa duten kantuak eta erritmo dantzagarriak dituztenak.

POMERAY

Bilbon 2015ean sortua, rock musikan jarri du arreta azken urteotan Pomerayk. Dena den, taldearen abestietan punk eta garaje doinuak ere nabarmentzen dira.

ELEY

Punk-rock musika da Uribe Kostako bikote honen ezaugarri nagusia. 2017an argitaratu zuten Primera estación estreinako lana, bi taldekideek konposatutako abestiak jasotzen dituena.

ELLAS

Bilbon jaio zen ELLAS pop-indie taldea. Beste talde batzuetan jasotako esperientziak proiektu berri honetan eman ditu bere fruituak. Gainera, artista ezagunekin agertokia partekatzeak eta jaialdi entzutetsuetan parte hartu izanak indarra eman die talde bezala.

EVIL PINK MACHINE

Rock alternatiboa, synthpopa, musika elektronikoa eta lo-fi doinuak dira adierazle Igor Delgado Martinen proiektu honetan. 2014an argitaratu zuen lehendabiziko lana, eta urtebete geroago iritsi zen Inner, Brighter.

HAKIMA FISSI

Duela hiru urte barneratu zen musikaren munduan, baina azken urte honetan buru-belarri jardun du bakarlari lanetan. Erraietatik ateratzen zaizkion sentimenduak eta bizitzan gertatzen zaizkion kontuak islatzen dira bere abestietan. Estiloari dagokionez, rhythm and blues garaikidera hurbiltzen da.

HAUSTURA

Lekeition orain dela bi urte sortutako taldea bada ere, aspalditik bildutako ilusio eta indar guztiak agertu dituzte proiektu berri honetan, rocka ardatz hartuta. Halere, punka, popa, indiea eta rock alternatiboa ere nabaria da zenbait abestitan.

KVALVIKA

Musika elektronikoak agintzen du Kvalvikan. Duela gutxi argitaratu du I'm your social network, I'm your talent show estudioko bigarren diskoa, hiperkomunikazioan eta sare sozialetan oinarritutakoa. bakarkako proiektu bat bada ere, kolaborazio asko izan ditu Kvalvikak.

MIDNIGHT ROAD

Baldintza eta asmo bakarra dauka Midnight Road talde bilbotarrak: rock musika egitea. Zuzenekoetan erakusten duten indarra eta abestietan entzun daitekeen soinu modernoa dira taldearen ezaugarri nagusiak.

MÜLLER

Rock alternatiboa oinarri hartuta, askotariko musika erreferenteak dituzte. Taldekideek, halaber, badute ezaugarri komun bat (musikarekiko maitasuna) eta horixe islatzen dute, hain zuzen, abesti guztietan.

NAX

Nax bakarlari bizkaitarrak rock kantuak sortzen ditu. Cho Oyu diskoa da Iñaki Agirreren aurreneko argitalpena, iaz kaleratutakoa.

NERABE

Donostiako musika talde ezberdinetako musikarien elkarlanetik sortu zen Nerabe, 2016an. Aitzitik, iraganeko taldeetan jorratutako estiloak baztertu eta esperientzia berri batean murgildu dira taldekideak proiektu berri honetan. Hala, 80ko hamarkadako indie-rock ukituari helduta, erritmo dantzagarriak eta abesti zuzenak egin dituzte.

PHO-BO

Esperientzia eta gaztetasuna dira Pho-Bo talde goierritarraren bi osagarri nagusiak. Bi urteko ibilbide laburra badute ere, indie-rock doinuak lantzeko gaitasun aparta dute, erritmo eta melodia alternatiboak agerian utzita eta zeresan handia ematen duten letrekin biribilduta.

REUBEN RG

Ruben Ramos Cohen taldeko abeslari eta gitarra-jotzailearen bakarkako estreinako lana da hau. 2017an argitaratu zuen sei abestirekin osatutako Ghost Tapes diskoa.

SARA AZURZA

Lau taldekidek gidatzen dute Sara Azurza pop taldea, baina bakarlari lanetan ere aritzen da. Theorin diskoa da lan horren emaitzetako bat.

SILENCE

Azkoitia eta Azpeitia artean sortutako pop rock talde gaztea da Silence. Urtebetez entsegu-lokalean lanean jardun ostean, maketa grabatu berri dute. Orain, taula gainera ateratzea da haien ametsa.

SUPERACID

Hainbat estilo uztartzen ditu talde honek: funk, rhythm & blues, soul eta metal musika. Adin guztietako musikazaleengana iristea dute helburu, zuzeneko ikusgarriak eskainita, batik bat.