Musika

Nobedadeak

U2 taldeak bigarren disko bat iragarri du

L.Z. | eitb.eus

"Songs of Innocence" diskoa kaleratu du aste honetan talde irlandarrak, eta aurki "Songs of experience" iritsiko dela jakinarazi dute.

Songs of Innocence diskoaren doako eta ezusteko kaleratzeak albiste izaten jarraitzen duen honetan, bigarren disko bat ere prest duela iragarri du U2 talde irlandarrak. Songs of Experience izango da bigarren lan hori, eta aurki argitaratuko dute.

Horrenbestez, iragarpen berri hau ezagututa, litekeena da Songs of Innocence baztertutako abestiekin osatutako diskoa izatea. Izan ere, aspaldi iragarri zuten proiektu berrirako erabiltzen ez zituzten kantuekin disko bat grabatuko zutela.

Baliteke abesti horiei etekina atera nahi izatea eta, horregatik, Applerekin hitzartutako akordio baten ostean, iTunesen bidez dohainik jartzea. Zurrumurruek diotenez, Applek 100 milioi dolar ordaindu dizkie U2 taldeari eta Universal Music diskoetxeari.

Helburua argia da; hots, "benetako" diskorako baztertu dituzten abestiekin dirua irabaztea. Dena den, Songs of Innocence diskoak jasotako kritikak ez dira oso onak izan, eta espero baino arrakasta gutxiago izan du iTunesen erabiltzaileen artean (500 milioi erabiltzaile ditu munduan iTunesek eta AEBn 200.000 lagunek soilik jaitsi dute diskoa). Haatik, musika adituek uste dute diskoa "ohiko prozedurari jarraiki" kaleratu izan balitz, lehenengo astean 450.000 eta 500.000 kopia inguru saltzea lortuko luketela, baina iTunesen bidez zabalduta, dendetara heltzen denean 150.000 kopia soilik salduko dituztela.