Albisteak

Aldaketak AC/DC taldean

Malcom Young atseden-etxe batera eraman dute, dementziak jota

L.Z. | eitb.eus

Oroimena zeharo galduta omen dauka Malcomek. Horregatik, AC/DC taldeko gitarra-jotzaileak taldea utzi du eta zaintzapean dago.

  • Malcom Young. Argazkia: AC/DC

    Malcom Young. Argazkia: AC/DC

Malcom Young gitarra-jotzaileak taldea utzi duela iragarri du aste honetan AC/DCk, eta egun batzuk geroago, Sydneyko atseden-etxe batera eraman dutela jakinarazi dute Australiako komunikabideek. Dementziak jota omen dago Malcom, aipatutako iturrien arabera.

"Gela batean Malcomekin zaudela, bi minutuz bakarrik uzten baduzu, harengana itzultzen zarenean ez zaitu ezagutzen. Berehalako oroimena zeharo galduta du. Horregatik, egun osoz zaintzapean jartzeko erabakia hartu du Linda emazteak", esan dio familiaren gertuko iturri batek Sydney Morning Herald egunkariari.

Iazko apirilean gaixotasun larri bat zuela eman zuten jakitera, baina ez zuten 61 urteko musikariak zeukan gaitza zehaztu. Hori bai, AC/DCren Rock or bust diskoaren grabazioan ez zuela parte hartuko argitu zuten.

Azken egunotako informazioen arabera, Steve Youngek hartuko du osabaren lekua. Lan berriaren grabazioan buru-belarri aritu ostean, 2015ean egingo duten kontzertu biran ere egongo da Steve; Angus Young, Brian Johnson eta Phil Rudd taldekideekin batera.