Albisteak

Kontzertua, Bilbon

We Are Standardek larunbatean amaituko du 'Day' kontzertu bira

L.Z. | eitb.eus

Yellow Big Machine taldearekin batera izango dira getxoztarrak Bilboko Kafe Antzokian.

Duela hilabete batzuk abiatu zuen We Are Standard taldeak "Day" kontzertu bira, eta hainbat zuzeneko eskaini dituzte ordutik.

Orain, oholtza aldi baterako uzteko garaia iritsi zaie getxoztarrei, Day diskoaren jarraipena prestatzen dabiltzala iragarri baitute.

Azken hilabeteotan, "Can I count on you", "Jesus in her eyes" eta "Something bigger" kantuak aurkeztu dituzte. Azken hori Alex Ferrer Delorean taldearen ekoizlearekin eta Oreka TX taldeko txalapartariekin grabatu dute.

Halaber, We Are Standard plays The Clash disko digitala argitaratu dute. Zuzenean grabatutako lan horretan, The Clashen bertsioak jaso dituzte, eta proiektuak izandako arrakastaz jabetuta, bira paralelo bat egin dute areto zein jaialdietatik.