Albisteak

Kontzertu-bira

U2 taldeak bi kontzertu emango ditu Bartzelonan urrian

L.Z. | eitb.eus

Hain zuzen, urriaren 5ean eta 6an izango dira irlandarrak Kataluniako hiriburuan. Sarrerak abenduaren 9tik aurrera jarriko dituzte salgai.

  • U2. Argazkia: EFE

    U2. Argazkia: EFE

U2 talde irlandarraren Innocence+Experience Tour 2015 bira Bartzelonako Palau de Sant Jordira iritsiko da urriaren 5ean. Doctor Music diskoetxeak iragarri duenez, guztira hemeretzi herrialde bisitatuko ditu mundu osoan zehar, eta, tartean, Bartzelonan izango dira. Han bi zuzeneko eskainiko dituzte: bata, urriaren 5ean; bestea, urriaren 6an.

Espainiako Estatuan eskainiko duen emanaldi bakarra izango da Kataluniako hiriburukoa, eta sarrerak abenduaren 9an jarriko dituzte salgai, 10:00etatik aurrera.

Birako lehenengo kontzertua, berriz, maiatzaren 14an emango dute Vancouverren (Kanada).

Bestalde, Bartzelonakoaz gain, Europan beste hainbat zuzeneko eskainiko dituzte: Turinen, Amsterdamen, Stockholmen, Berlinen, Kolonian, Anberesen, Glasgown, Londresen eta Parisen, hain zuzen.

Disko berria

Duela gutxi argitaratu du U2k Songs of Innocence estudioko hamahirugarren diskoa. Guztira 81 milioi entzunaldi izan ditu orain arte, eta 30 milioi jarraitzailek jaitsi dute.