Albisteak

Urriaren 1etik 4ra

Marabilli jaialdia Ondarroara itzuliko da ostegunean

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

DJ Elepunto, Gatibu, We Are Standard, La M.O.D.A. eta Anari dira Marabilli jaialdia aurten musikaz jantziko duten artistak.

Iazko atsedenaldiaren ostean, bueltan da Marabilli jaialdi ezaguna. Aitzol Aramaio zinemagilearen omenez jaiotako sormen festibalak egitarau zabala prestatu du hirugarren edizio honetarako ere.

Hala, ostegunetik igandera, kontzertuak, hitzaldiak eta mota askotariko jarduerak izango dira Bizkaiko udalerrian. Lehendabiziko egunean, adibidez, DJ Elepuntok musikatuko du Beikozini aretoa, baina aurretik beste zenbait ekimen egingo dituzte, pertsonaia ezagunen parte-hartzearekin.

Urriaren 2an, herriko aktoreek antzerkia egingo dute egun horretako egitarauari hasiera emateko. Halaber, Eider Rodriguezen hitzaldia, zinema-saioa eta kontzertuak egongo dira. Hain zuzen ere, We Are Standard eta La M.O.D.A. aterako dira Beikoziniko oholtzara, 23:00etatik aurrera.

Hirugarren egunerako ere zuzenekoa iragarri dute: Gatibu taldearena, zehazki. Bukatzeko, urriaren 4an Anariren doinuek hartuko dute Beikozini.

Lortu jaialdirako sarrerak, hemen.