Albisteak

Uztailean, Mundakan

Nik West, The Inspector Cluzo eta Capsula, Mundaka Festival jaialdian

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Mamba Beat eta Mockers taldeen kontzertuak ere iragarri dituzte azken orduan antolatzaileek. Uztailaren 28tik 30era egingo dute aurten jaialdia.

  • Nik West

    Nik West

Mundaka Festival jaialdiak hainbat iragarpen egin ditu azken orduetan, horien artean Nik Westen emanaldiaren berri eman du. Arizonako 25 urteko artista maila altuko musikariekin ari da lanean azkenaldian; Eurythmicseko Stewartekin, Princerekin, John Mayerrekin eta Gleerekin, esaterako. Hori horrela, indartsu zapalduko du Mundaka, funk rock doinuak lau haizetara zabaltzeko. The Inspector Cluzo ere han arituko dela zabaldu dute.

Era berean, David Bowieri keinu egiteko asmoz, Capsula taldea gonbidatuko dute bigarren ediziora. Hala, 2012an argitaratutako Dreaming of The rise and Fall of Ziggi Stardust and the Spiders from Mars proiektua berreskuratuko dute.

Bestalde, Mamba Beatek pop, rock eta elektronika ardatz hartuta aurkeztuko du Paint Me In Black! lana Bizkaiko kostaldeko udalerrian.


Bukatzeko, Mockers durangar gazteen bisita ere jasoko du aipatu jaialdiak.

Sarrerak


Oraindik, aukera dago bonu berezia 55 euroan eskuratzeko. Aurki, 60 euroko prezioa izango du.


Sarrerak ohiko salmenta lekuetan eros daitezke: www.mundakafestival.eus webgunean, Kutxabanken orotariko kutxazainetan, Ticketmasterren, Fnacen, Carrefourren eta Halcon Bidaiaken eta Amaia Bidaiaken bulegoetan.