Albisteak

Lehenengo edizioa

Bilbao BBK Live eta Mundaka Festival, Iberian Awardsetan sarituak

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Kanpaleku eta azpiegitura onenak dituen jaialdia izateagatik saritu dute BBK Live. Mundaka Festivalek, berriz, jaialdi berri onenaren eta tamaina ertaineko festibal hoberenaren sariak jaso ditu.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Bilbao BBK Live jaialdiak eta Mundaka Festivalek bina sari eskuratu dituzte bart Lisboan banatutako Iberian Festival Awards sarietan.

Bilboko aipatu festibalak, besteak beste, Editors taldearen zuzenekoa iragarri zuen atzo, baita egun bakoitzeko egitaraua zehaztu ere. Ordu gutxira, bi sari jaso zituen: kanpaleku eta azpiegitura onenak dituen jaialdia izateagatik, hain justu.

Bien bitartean, aurten The Waterboys eta Nik West gonbidatu dituen jaialdi mundakarrak beste bi golardo lortu zituen; bata, Espainiako Estatuko tamaina ertaineko jaialdi onena izateagatik, eta bestea, aurtengo musika-festa berri hoberena izan delako.

Lehendabiziko aldia izan da Iberian Awards sariak banatu dituztena. Espainiako Estatuko jaialdiak saritzea dute helburu, eta, esan bezala, ostegun gauean egin zuten sari-banaketa Portugalgo hiriburuan. Besteak beste, jaialdietako arduradunek, komunikabideek eta musika-industrian lanean diharduten adituek hartu zuten parte.

Guztira 151 izendatu zeuden, 11 sailetan banatuta.