Albisteak
Festa
Enkore, En Tol Sarmiento eta Oihan Vega, gaur, Nafarroa Oinezen
LUZIA ZUGADI | EITB.EUS
Leihotikan, Kometa eta Izaki Gardenak ere aterako dira agertokira, Nafarroako ikastolen alde egingo duten festan.
Vianako Erentzun eta Lodosako Ibaialde ikastolek antolatu dute aurten Nafarroa Oinez festa. Lehenengo aldiz, bi ikastetxeren artean antolatu dute Nafarroako ikastolen aldeko jaia. Hortaz, berezia izango da "Hartu, tenka, tira!" lelopean egingo duten festa.
Musikari dagokionez, behintzat, egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek, eta gustu guztiak asetzeko adina emanaldi egongo dira.
Erentzun gunean, ibilbidearen lehenengo gunean, umeentzako jolasak eta jarduerak egingo dituzte. Bigarren gunean, Endregoton, besteak beste, Leihotikanen, Enkoreren, Bolboraren eta Oihan Vegaren musikaz gozatuko dute bisitariek. Hirugarrenean, Pipergontzin, Kometa eta E.T.S. (En Tol Sarmiento) igoko dira oholtzara, eta laugarrenean, Ibaialden, Izaki Gardenak arituko da.
Esan gabe doa bestelako ekitaldiak ere egongo direla egun horretan: bertso-saioak, erronkak eta dantza-ikuskizunak, kasu.