Albisteak

Asteburuko agenda

Festarik festa, kontzertuz kontzertu

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Hesian, Huntza, WAS, Etsaiakeroak, Su Ta Gar, Esne Beltza, The Uski's eta Gatibu arituko dira asteburuan Euskal Herrian.

Ohi baino asteburu luzeagoa dator, asteartea jaieguna izanda astelehena ere aisialdirako izango dutelako askok. Horregatik, aukera polita izan daiteke Euskal Herriko jaiekin gozatzea, betiere, kontzerturen bat edo beste ikusita, noski.

OSTIRALA

Gernikan egingo dugu ostiraleko lehen geldialdia. Han, Tooth, Huntza eta Tximeleta taldeek girotuko dituzte Lurgorri auzoko festak. Portugaleten, horixe berori egingo dute Riot Propagandak eta After Lifek, eta WAS, Shake! eta DJ The Ma-Ma's bihurtuko dira gaueko protagonista Zarautzen.

LARUNBATA

Raperos de Emaus & The Titanians, Etsaiakeroak eta DJ Bull arituko dira larunbatean Agoitzen.

Bestalde, Huntzak ez du atsedenik hartuko, eta Azkainen egongo dira gipuzkoarrak, trikiti doinuak lagun.

Willis Drummonden eta Hartzen txanda izango da egun berean Azkoitiko plazan; Guda Dantzan eta Gozategi taldeena, Berastegin; eta Egurra ta Kittorena, Zopilotes Txirriaosena eta Fan & Gorena, Deban.

Aipatzekoa da, halaber, Niña Coyote eta Chico Tornado eta La Mala Pekora arituko direla Leitzan.

Bizkaiko kontzertuei dagokienez, hauexek dira nabarmengarrienak: Porco Bravo, Desakato eta Gora Herria, Erandion; Enkore eta En Tol Sarmiento, Mañarian; Hesian eta Garilak 26, Marurin; Ostabe eta Su Ta Gar, Sodupen; eta Skakeitan, Zeanurin.

IGANDEA

Kontzertu bakarra iragarri dute iganderako; Kobanek, Iseo & DodoSoundek eta DJ P3z-k Donostian eskainiko dutena, hain justu.

ASTELEHENA

Su Ta Gar atsedenik hartu gabe ibiliko da hurrengo egunetan, astelehenean Amurrion baitute hitzordua. Araban bertan, Reincidentesen, Green Valleyren, Combor Rocken, Whisky Baratoren eta Reno Renardoren musika entzungo da Langraiz Okan.

Bukatzeko, Esne Beltzaren kantuekin gozatuko dute donostiarrek, eta Patxuko Niceren eta Autobus Magikoaren doinuekin, Gabiriako plazara gerturatzen direnek.

ASTEARTEA

Lau eguneko asteburuarekin amaitzeko, ez dago plan hoberik musikarekin disfrutatzea baino.

Hesianen musika-maratoiak Aduna harrapatuko du asteartean, The Uski'sen erritmo dantzagarriek azkoitiarren gerriak mugiaraziko dituzte, eta Esne Beltzaren, Kopen eta Suaren abestiak debarren belarrietara iritsiko dira.

Jaiak ospatze aldera, Tremenda Jauria eta Huntza gonbidatuko dituzte Aretxabaletara. Gernikan ere, jai-giroan murgilduta igaroko dute eguna, Qlausula Suelok eta Ekonek festetako agertokia astindu bitartean.

Agenda ixteko, azpimarratzeko modukoa da Gatibuk uda honetan Bizkaian emango duen azken kontzertua hartuko duela Portugaletek asteartean.