Albisteak

Kontzertuen agenda

Euria ez ezik, musika ere ekarriko du asteburuak

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Etsaiakeroak, La Basu, Odolaren Mintzoa, Revolta Permanent, Su Ta Gar, Enkore, Garilak 26 eta DJ Bull arituko dira asteburuan Euskal Herrian.

  • Su Ta Gar. Aragzkia: Galder Izagirre

    Su Ta Gar. Aragzkia: Galder Izagirre

OSTIRALA

Zalantzarik gabe, Kutxa Kultur jaialdia izango da ostiraleko plater nagusia, eta, besteak beste, Francois & The Atlas Mountain, Love of Lesbian eta The Jesus and Mary Chain arituko dira bertan.

Dena dela, Laudion ere izango da zer entzun, Etsaiakeroak eta Txapelpunk talde lekeitiarrei esker. Halaber, Porco Bravoren musikak bustiko du Urdulizko plaza.

LARUNBATA

Huntzaren erritmora egingo dute dantza Bergarako bizilagunek larunbat gauean. Donostian, berriz, Kutxa Kultur jaialdira gerturatuko dira oraindik ere musika egarriz daudenak, The Divine Comedy, The Drums, The Hives eta Skakeitan igoko baitira oholtzara bigarren egunean.

Donostian bertan, baina Egia auzoan, Odolaren Mintzoa, Las Basu eta DJ Keko izango dira. Gipuzkoako kontzertuekin bukatzeko, Hilkar, El Sonido de la Metralla eta Revolta Permanent aterako dira Urretxuko festetan txosnen guneko agertokira.

Bestalde, Bizkaian, metal doinuak nagusituko dira Diman egingo duten Dimetal jaialdian. Su Ta Gar, OST, The Faithless, Last Days of Eden, Drakun, Raven's Gate eta Evil Seed gonbidatu dituzte bertara.

Galdakoztarrek Soziedad Alkoholikarekin dute hitzordua, Ardanza plazan, eta Garilak 26 taldeak girotuko du Gallartan plaza.

Amaitzeko, Laudio bisitatuko du Enkorek.

IGANDEA

Donostiako Egia auzoan, Liher eta Txemak taldeak arituko dira igandean. Egun berean, Garilak 26 taldeak Getxo harrapatuko du, eta horixe berori egingo du DJ Bullek Urretxun.

Azkenik, Inunek doinu lasaiz jantziko du Larrabetzuko gaztetxea.