Albisteak

Kontzertuak

Esne Beltzak "Don't give up the flight" biraren azken datak iragarri ditu

LUZIA ZUGADI | eitb.eus

Euskal Herrian hiru kontzertu emango ditu urtea bukatu aurretik: lehena Iruñean, abenduaren 2an, eta gainerako biak Hernanin, hilaren 22an eta 23an.

  • Esne Beltza, Askerock jaialdian. Argazkia: Gaizka Peñafiel

    Esne Beltza, Askerock jaialdian. Argazkia: Gaizka Peñafiel

Esne Beltza taldea albiste da gaur. Batetik, Gaztearen webgunean "Esna" kantuaren bideoklipa aurkeztu dute gipuzkoarrek. Edu Gonzalezek egin du bideoa, Gaizka Peñafielen laguntzarekin. Bestetik, Xabi Solanoren taldeak "Don't give up the fight" bira bukatzeko geratzen zaizkion kontzertuak iragarri ditu.

Aspaldi jakinarazi genizuen Hernanin bukatuko dutela bira abenduaren 23an. Egun horretan eta aurreko egunean, "10 urte lagun artean" emanaldi berezia eskainiko dute Gipuzkoako aipatu udalerrian, taldearen hamargarren urtemuga ospatzeko. Aipatzekoa da bi kontzertu horietarako sarrera guztiak agortuta daudela.

Dena den, beste lau zuzeneko dituzte hitzartuta aurretik; bakarra, Euskal Herrian. Hain zuzen ere, Iruñean arituko dira, Euskararen Eguna dela eta, abenduaren 2an, Antoniutti parkean.

Hurrengo astean, berriz, errepidean jarriko dira Suitza aldera bidaiatzeko. Izan ere, abenduaren 6an Zurichen dute kontzertua, bi egun geroago Reutlingenen (Alemania) arituko dira, eta abenduaren 9an Baden (Suitza) bisitatuko dute.