Albisteak

Kontzertuak, Euskal Herrian

Omenaldiak, disko aurkezpenak eta euskal musika, asteburuko kontzertuen agendan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Voltaia, Ze Esatek!, Rafa Rueda, Riot Propaganda, Mice, Porco Bravo, Rural Zombies, Huntza eta Eñaut Elorrieta arituko dira asteburuan, Euskal Herrian.

OSTIRALA

Andoainek Niketz eta Voltaia taldeen zuzenekoak hartuko ditu; Bergarak, Gorpuzkingzena eta Ttun Ttun Brigade disko-jartzailearena; Lazkaok, Hiri Galduakena, eta Legorretak, Septimo A eta Ze esatek! taldeena.

Badira, gainera, aipatzeko moduko beste hiru kontzertu Gipuzkoan: lehena, Señor No taldeak Lezon eskainiko duena; bigarrena, Rafa Ruedak Oñatin iragarri duena, eta azkena, Micek Zarautzen hitzartu duena.

Bizkaia aldean ere egongo da zer entzun ostiral gauean. Kaskezur eta Rodeo Larrabetzun arituko dira, eta Pelax, Lemoan. Bestalde, Riot Propaganda eta Trikizio arduratuko dira Sondikako plaza girotzeaz.

LARUNBATA

Altsasun egingo dugu larunbateko aurreneko geldialdia; The Fridays Crew eta Bultz aterako dira agertokira han. Elizondon, berriz, Huntzaren kantuek bustiko dute Lur dantzalekua.

Bizkaian, Lukiek Berrizen emango duen zuzenekoarekin egingo dugu topo. Bilbon ere musikak leku garrantzitsua izango du. Kafe Antzokiak Bob Marleyren omenezko festa antolatu du. Porco Bravoren agurrak eta Asier Martinez Mintegiren omenaldiak harrapatuko dute Santana 27 aretoa, eta Septimo A eta Ze Esatek! taldeen kantuekin gozatuko dute Zorrotzako gaztetxean biltzen direnek.

Elorrioko gaztetxearen 30. urteurrena musikarekin eta festa giroan ospatuko dute larunbatean.

Musika estiloa erabat aldatuta, Rural Zombiesen eta Rodeoren kantuekin jantziko da Azkoitiko Elkargunen larunbatean. Horrez gain, azpimarratzekoa da Hertzainak, Barricada eta RIP taldeen musika gustuko dutenen topaleku izango dela Donostiako Doka Kafe Antzokia. Aipatu hiru taldeen abesti entzutetsuenak taularatuko dituzte Pakean Utzi Arte, Zona Especial Norte eta Picadura taldeek.

Bukatzeko, Bidelapurrak eta Petti gonbidatu dituzte Bergarako Kartzela Zaharra aretora, eta sarrera guztiak agortuta helduko da Eñaut Elorrieta Urnietako Sarobera.