Albisteak

'Z.E.R.O. Tour'' bira

Iruña Rock jaialdian, Ibilaldian eta Gasteizko festetan arituko da Governors

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Lazkao, Arrasate, Iruñea, Santurtzi, Amoroto, Gasteiz eta Laudio harrapatuko dituzte apirila eta abuztua bitartean.

Bira luzea iragarri du Governors taldeak hurrengo hilabeteetarako. "Z.E.R.O. Tour" birak ez du, oraingoz, atsedenik hartzeko asmorik. Hori horrela, Urduñako Gazte Egunean izango da talde gipuzkoarra larunbat honetan.

Apirilerako, berriz, lau emanaldi iragarri ditu. Lazkaoko festak girotzeaz arduratuko dira lehenik, apirilaren 21ean. Hurrengo astean, Amurrion emango dute kontzertua, hilaren 28an, eta apirilaren 29an eta 30an Arrasate eta Legazpi bisitatuko dituzte, hurrenez hurren.

Maiatzean Bizkaiko ikastolen aldeko jaian arituko dira. Dakizuenez, Santurtzik hartuko du aurten Ibilaldia, maiatzaren 27an. Hain zuzen ere, Iruña Rock jaialdia astindu ostean iritsiko dira Bizkaiko kostaldeko aipatu udalerrira Governors taldekoak.

Ekainerako hitzordu bakarra dute itxita: Bedian, hilaren 23an. Uztailean ere ez dira agertokitik jaitsiko. Azken orduotan sare sozialen bidez zabaldu dutenez, Amorotoko jaietan joko dute, uztailaren 6an. Bukatzeko, abuztuan Gasteizko eta Laudioko festak girotzeaz arduratuko dira.

Kontzertuak

Martxoak 24, Urduña

Apirilak 21, Lazkao

Apirilak 28, Amurrio

Apirilak 29, Arrasate

Apirilak 30, Legazpi

Maiatzak 26, Iruñea

Maiatzak 27, Santurtzi

Ekainak 23, Bedia

Uztailak 6, Amoroto

Abuztuak 7, Gasteiz

Abuztuak 24, Laudio