Gaztea

Musika

Kalean da ‘Endless Summer Vacation’: Miley Cyrusen disko berriari buruz jakin beharreko guztia

B. F. | EITB Media

Estatubatuar artistaren estudioko zortzigarren diskoa da. “Flowers” singlearen arrakastaren ondotik, lan berria osatzen duten beste 11 abestiek ere zeresana emango dutelakoan gaude.

  • Miley Cyrus, "River"en bideoklipean

    Miley Cyrus, "River"en bideoklipean

Miley Cyrusek bere estudioko zortzigarren diskoa publikatu berri du: Endles Summer Vacation. Urtarrilean 13an atera zuen lan luzearen singlea, "Flowers", eta 2023 hasierako ereserkietako bat bihurtu da.

Hamahiru abestik osatzen dute LPa: hamabi abesti berri eta "Flowers"en demo bertsio bat. Gaietan, desamodioa eta ahalduntzea nagusi. Doinuetan, ostera, artistaren ohiko pop, rock eta funk doinuei ukitu elektronikoak batu zaizkie (technoa, sintetizadoreak eta 80ko hamarkadako discoari erreferentziak).

Kaliforniar artistaren diskoaren kaleratze dataren iragarpenak sare sozialak aztora zituen; izan ere, lan luzea Liam Hemsworthen —Cyrusen bikotekide ohia— urtebetetze egunean argitaratu da.  

Diskoa ez dator bakarrik. Bada, albuma "River" abestiaren bideokliparekin batera aireratu du artistak. Hori gutxi balitz bezala, "Endless Summer Vacation (Backyard Sessions)" izeneko dokumentala estreinatuko du gaur (martxoak 10), 19:00etan, Disney+ plataforman.



"Flowers" fenomenoa

Kaleratu zenetik hona, "Flowers" hit feministatzat hartu dute askok. Hautsi den bikote harreman baten testuinguruan, norbere burua maitatzeko deia egiten du Cyrusek.

Kantaren bideoklipak ere sare sozialak piztu zituen. Antza denez, Hemsworth beste hainbat emakumerekin oheratu zen Cyrusekin zegoen bitartean, eta azken hau desleialtasun horiek gertatu ziren etxea aukeratu zuen "Flowers"en klipa grabatzeko.


Bestela ere, abestiaren letran hainbat mezu bidaltzen dizkio senar ohiari. Tartean, bikotekidearen kanta kutunetako bat da Bruno Marsen "When I Was Your Man"i egiten dion keinua: "Flowers"en errepika Marsen abestiari erantzun argia da.

Besteak beste, "I can hold my own hand" (nik neuk nire eskua eutsi dezaket) edo "I can love me better than you can" (zuk maite nauzuna baino hobeto maita dezaket nire burua) hitzak entzun daitezke artistaren singlean.

Zifretan ere, ez da labur gelditu. Errekorra hautsi du Spotifyn, 600 milioi entzunaldi arinen eskuratu dituen abestia baita.

Endless Summer Vacation: Los Angelesi idatzitako maitasun gutuna eta Madonnari eginiko omenaldia

Artistak egindako adierazpenen artean, diskoa "Los Angelesi idatzitako maitasun gutuna" dela azpimarratu daiteke. Letretan eta doinuetan aurkituko ditugun erreferentziez gain, musikariak AEBko pop kulturaren ikonoetako bat omendu du bere lan berrian.

Disko berriaren azalean, Miley Cyrus ageri da, bainujantzian, trapezio batetik eskegita —Briana Capozziren argazkia—. Zintzilik, "Wrecking Ball"en estiloan, baina zeharo eraberrituta.

Zaleek ez dute denborarik galdu eta dagoeneko badakigu zein izan den irudiaren inspirazio iturria: 1992an Madonnak publikatutako "Sex" liburu erotikoan aurki daitekeen argazki bat.

"Sex"en argitalpenak sekulako eztabaida piztu zuen, hainbat herrialdeetan zentsura jasatera iristeraino. Bilduman Madonnak berak idatzitako testu erotikoak eta Steven Meisel argazkilariak aurki daitezke.

1992tik ez da poparen erreginaren liburu fetitxearen edizio berririk atera eta daude aleek 300 dolaretik gorako prezioa dute bigarren eskuko merkatuan.