Gaztea

Musika

‘Hasiera Bat’, Gorka Urbizuren bakarkako proiektuaren lehen alea

B. F. | EITB Media

10 abestik osatzen dute “Hasiera bat” izeneko diskoa. Urtarrilaren 17an aurkeztuko du jendaurrean, Gaztean ikusgai izango den elkarrizketa luzean.

  • Gorka Urbizu

    Gorka Urbizu. Argazkia: Ibai Arrieta

Gorka Urbizuk bere bakarkako proiektua aurkeztu du, Hasiera Bat izeneko diskoaren eskutik. Ustekabean iritsi da Berri Txarrak taldeko abeslariaren urrats berria, gaur goizaldean, eta dagoeneko osorik dago entzungai.

"Disko bat grabatu dut eta plataformetan duzue jada", irakur daiteke Urbizuren sare sozialetan. Aurrerapenik gabe eta ezustean iritsi da LPa, eta jaiotzaren parekoa da emaitza: artifiziorik gabekoa, gardena eta gordina, soil bezain ederra.

Hasiera Baten hitzen zein soinuaren baitan erraz identifika daiteke lanaren DNA. Barrutik soilik ireki daitezkeen ateak, zarata garbitzeko ahalegin bat, ikusmenak itsututako gizartearen argazkia eta deslilularik gabeko oasi sekretu bat, ahots bakarrean.

Bateria (Jordi Matas eta Joan Pons), baxua (Jordi Matas), teklatuak (Jordi Matas) eta gitarra (Gorka Urbizu) aurkituko ditugu "maitasun osoa jarritako" 10 doinuotan. Lleidako Teatre de ca l'Eril-en grabatu da diskoa, Jordi Matas ekoizlearen gidaritzapean.

Albumarekin batera, "Teoria bat" abestiaren bideoklipa aireratu du artistak, Alexander Cabeza Triggek zuzendutakoa.

Aurkezpena

Gorka Urbizuk asteazkenean (urtarrilak 17) aurkeztuko du diskoa jendaurrean. Lekunberrin izango da ekitaldia eta Urbizuri egindako elkarrizketa luzea Gaztean izango da ikusgai, streaming bidez.

Diskoa aurkezteaz gain, bertako pare bat abesti joko ditu zuzenean.

19:00etan izango da hitzordua eta bertaratzeko hainbat sarrera zozkatuko ditugu "Dida!"n, "Gu"n eta gure sare sozialetan.