Gaztea

'Hasiera Bat'en aurkezpena

Gorka Urbizu: “Argi neukan aspalditik bakarkako disko bat zor niola nire buruari”

Berezi Fernandez | EITB Media

Nafar musikariak ‘Hasiera Bat’ diskoa jendaurrean aurkeztu du, estreinakoz, Larraungo Gabari Gune Irekian. Gaztea Sarietan izango dugu Urbizu zuzenean ikusteko aukera, otsailaren 28an.

  • Gorka Urbizu, diskoaren aurkezpenean

    Gorka Urbizu, diskoaren aurkezpenean

"Janela bat"en zuzenekoarekin hasi du Gorka Urbizuk Hasiera Bat diskoaren aurkezpena, Larraungo Gabari Gune Irekian.

Lehen emanaldi horren ostean, kantaren tituluaren inguruan galdetu dio Xabier Doncel Gazteako zuzendariak, diskoa atera zenetik bolo-bolo dabilen kezka lehenbailehen arindu nahian: leiho bat da 'janela' bat, portugesez. "Betidanik gustatu izan zaidan hitz bat da, eta ez, ez da inon agertzen", argitu du musikariak.

Hasiera Baten baitako hamar abestietan formula bera erabili du Urbizuk (izen bati 'bat' hitza gehitzea), eta azken orduko erabaki estetikoa izan zela aitortu du aurkezpenean: "Masterra jaso eta gero aldatu nituen izenak. Jaso nuen, izenburu eta metadatu definitiboekin, eta gau horretan hiruretan esnatu eta aldatzea erabaki nuen".

25 urteko distortsiotik soiltasunerako lurreratzea

Berri Txarraken amaieratik lau urte igaro dira, eta despedidak merezitako atseden eta lasaitasuna ekarri dizkio Gorka Urbizuri.

Baina, nola bueltatu distortsioz beteriko 25 urteko errepertorio oparotik abesti soil, bakun eta gordinetara? Urbizurentzat handia zen erronka, baita egiteko modua iraultzeko gogoa ere: "Argi neukan aspalditik bakarkako disko bat zor niola nire buruari", adierazi du ekitaldian.

Proiektuaren hastapenak gora-beheratsuak izan zirela aitortu du artistak. Saiatu zen musika esperimentalarekin, baita ekoizle gazteekin ere, ideia bakarra buruan zuela: "Ez dut egin nahi rock talde batetik datorren abeslariaren disko akustikoa".

Sen horri tiraka, gitarra eta koadernoa hartuta, handik eta hemendik gordetako abesti txatalak (pandemia garaikoak, bart idatzitakoak, memoriaren kajoietan ahaztutakoak…) biltzen hasi zen musikaria.

Lehenik kantak sortu eta gero hitzak idatzi: "Letrak ez ditut egiten erabakitzen dudan arte disko bat egitera noala, letrei kristoren errespetua diet eta beldurra ematen didate", aitortu du.

Musika egin

Jarduera artistikoaren muinetik atera gabe egin nahi izan ditu gauzak Urbizuk, sormen prozesutik hasita diskoaren ekoizpenera arte, buruan zuen "kendu, kendu, kendu, kimatu" mantrari so eginez.

Kantagintza artisauak, baina, badu berezko idiosinkrasia. "Zortzi pistako abesti bat sortzen duzunean erabakiak momentuan hartu behar dira, ezin dituzu atzeratu".

Ildo beretik, musika egiteko modu garaikideak izan ditu hizpide: "Egun ehun pista gehitu ditzakezu eta ehun toma egin ondo geratu arte. Horrela, geratzen da disko kirurgiko bat, eta horrek ez dauka inongo arimarik. Sortze prozesu horretan erabakiak atzera ditzakezu, aukera asko daude. Horrela grabatu daiteke, baina sormena nagitu egiten da", gaineratu du.

Kanten arima ez lausotzeko esfortzu horren baitan "sortze prozesu aktibo eta interesgarri batean, alertan jartzen zaituen prozesu batean" murgildu da Urbizu bera eta inguruan izan dituen kideak.

Antzoki zahar bat

Guissonako (Lleida) Teatre de Ca l'Eril antzokian grabatu dute Hasiera Bat, 2023ko udan. Bertan, Jordi Matas, Joan Pons, Ferran Palau eta Ildu musikari eta ekoizleak izan ditu bidaide.

Kanta asko zuzenean grabatu dituzte, hartualdi bakarrean eta ia entseatu gabe. Hala, antzoki zahar baten eskaileretatik gora eta beherako bidaietan bukatu dituzte etxetik amaitu gabe zihoazen 10 abestiak.

Gorka Urbizu. Argazkia: Ibai Arrieta

Gorka Urbizu. Argazkia: Ibai Arrieta

"Estudioak toki hotzak izaten dira, dentistarenera zoazela ematen du askotan, estudio bat ez da toki musikal bat", azaldu du Urbizuk. Teatre de Ca l'Erilen, baina, lortu du diskoak behar zuen goxotasuna, Jordi Matasen ekoizpenaren laguntzarekin: "Kanta bere espresio minimora eraman eta ondo sonatzea nahi genuen. Zortzi pistako analogiko batekin grabatu dugu, dena oso gordina, ez dago ia efekturik, oso soila da. Ez dauka pedalik, ez dauka distortsiorik, ez dauka ezer; baina hau izan da hartu dugun erabakia", erantsi du artistak.

Aurkezpen bira

Oraindik zuzenekoei forma emateko lanetan dauden arren, lehenengoetariko bat 2024ko Gaztea Sarietan izango dela aurreratu du Gorka Urbizuk.

Otsailaren 28an izango da kontzertua, Bilboko Euskalduna Urban Hallen.