Gaztea

Gaztea Sariak

IZARO, Merina Gris, Bulego, Amorante eta Sara Zozaya dira bideoklip onenaren hautagaiak

B. F. | EITB Media

Otsailaren 28 eta 29an banatuko dira Gaztea Sariak, Bilboko Euskalduna Urban Hallen. Garaikurren banaketaz gain, Gorka Urbizu eta ETSren kontzertuez gozatzeko aukera izango da.

  • Bideoklip oneneko hautagaiak

    Bideoklip oneneko hautagaiak

IZARO, Merina Gris eta Delaporte, Bulego, Amorante eta Sara Zozaya dira 2024ko Gaztea Sarietako bideoklip onenaren kategoriako bost izendatuak. Otsailaren 29an banatuko dira garaikurrak, Bilboko Euskalduna Urban Hallen.

30 minutuko piezarekin aurkeztu digu IZAROk bere disko berria: CERODERENERO BIDEOKLIPAZO. Bertan, disko osoaren unibertso bisuala erakusten digu musikariak.

Espazio bakarra erabilita, abesti bakoitzaren atmosferan barrena garamatza; batzuetan bakarrik eta beste batzuetan musikariz eta dantzariz inguratuta. IZAROk berak zuzendu du pieza, Claudia Chocarro eta Ander Merinorekin.

"ALMAR" abestiaren bertsio originalari Delaporte taldeko Sandraren ahotsa gehitu dio Merina Grisek. Euskaraz kantatzen entzun dezakegu madrildar musikaria, estreinakoz. Jone Laspiur euskal aktorea da Arrigurik zuzendutako bideoklipeko protagonistetako bat.

"Zure Begi Horiek" abestiarekin eta honen bideokliparekin aurkeztu ziguten Bulegoko kideek euren disko berria. Aldatu Aurretik albumean, "aldaketak eragiten duten grinari" abesten diote taldekideek. Aipatutako singlearen bideoklipean, aitatasunak eragindako aldaketaz mintzo dira, Barbara Fernandezek zuzendutako piezan.

3:46

Lekeitiar tradizioari omenaldia da Amoranteren "Habanera"ren bideoklipa. Bertan, San Pedro egunaren bueltako ikonografia da nagusi: santua, saregileak, kaxarranka dantza… Arriguri ekoiztetxeak egin du bideoa.

Sara Zozayaren "Caravan" da kategoriako azken hautagaia. Nara diskoaren bigarren aurrerapenak umetako bizipenetara garamatza. Haurren lagun talde bat da bideoko ardatz nagusia, kanpin baten eguneroko udatiarraren atmosfera nostalgikoan. Clara Rusek zuzendu du pieza, Orna Cine eta Aise Studioren produkzio eta diseinuarekin.

Gaztea Sariak

Hautagai guztiak aurkeztuta, zuen gustukoenaren aldeko botoa emateko aukera izango duzue, Gaztearen webgunean.

Irabazleek otsailaren 29an jasoko dute garaikurra, ezustekoz beteriko galan. 2023an euskal musikak emandakoak saritzeaz gain, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da (bezperan zein sari banaketaren egunean), Gorka Urbizu eta ETSren kontzertuekin.