Gaztea

Gaztea Sariak

'AAZTIYEN', 'Goldea', 'cerodenero', 'Åben Cirkel' eta 'Adoretua', disko onenaren kategorian

B. F. | EITB Media

Otsailaren 28 eta 29an banatuko dira Gaztea Sariak, Bilboko Euskaldunako Urban Hallen. Garaikurren banaketaz gain, Gorka Urbizu eta ETSren kontzertuez gozatzeko aukera izango da.

  • Disko onenaren izendatuak

    Disko onenaren izendatuak

ZETAKen AAZTIYEN, IZAROren cerodenero, Nøgenen Åben Cirkel, Ibil Bediren Goldea eta Verde Pratoren Adoretua albumak dira 2024ko Gaztea Sarietako disko onenaren kategoriako bost izendatuak. Otsailaren 29an banatuko dira garaikurrak, Bilboko Euskalduna Urban Hallen.

Ohi bezala, neguarekin eta Durangoko Azokarekin batera iritsi ziren 2023ko disko asko. Horietako bat izan da ZETAKen AAZTIYEN. Landako gunea inguratzen zuen ilara luzea osatu zuten nafar taldearen zaleek, diskoa erosi eta taldeko kideekin hitz egiteko zain.

AAZTIYEN definitzeko, "lan oso kontzeptuala" dela azaldu zigun Pello Reparazek. Arbizuko euskarari erreferentziak, zalantzan jarritako tradizioak eta euskal kulturaren iruditeri klasikoaren birpentsatzea topatuko ditugu bertan.

Neguaren iritsiera eztabaidaezina, baina, IZAROk ekarri zigun, cerodeneroren unibertsoaren eskutik. 30 urte bete dituen hilabetean atera zuen diskoa, 30 minutuko "bideoklipazo" batekin. Diskoak beretzat izan duen esanahiaz galdetuta, azken bi urteetan bizitako prozesu terapeutikoaren isla dela azaldu zigun.

Artista moduan ezaguna egiten hasi zenetik pilatutako beldur, trauma eta ezinegonak irudikatuko dituen mendi irteera maldatsua.

"Orain arte egindako diskorik onena" da Nøgenen Åben Cirkel, bandako kideek hala egiaztatuta. Onena, eklektikoena eta zintzoa: "Geure buruarekin justuak izaten saiatu gara, benetan sentitzen duguna egiten", azaldu ziguten taldekideek.

Nacho Mur (La M.O.D.A.), Eliot James (Two Door Cinema Club, Bloc Party), Jordi Mora (Cala Vento, Quique Gonzalez), JEWLN (IZARO, Merina Gris) eta Brais Ruibal (Alice Wonder, Xoel Lopez) artistekin egin dute bat, diskoan dauden zazpi abestien ekoizpena eta nahasketak egiteko.

03:48

Udaberrian iritsi zen Ibil Bediren disko berria, lurra goldatzeko garaian, hain zuzen ere. Nafar bandaren aurreko lanetan baino esperimentazio gehiago aurkitu dugu Goldean.

Honela azaldu ziguten taldekideek: "Musikalki ertzetara jo dugu gehiago, kantei buelta gehiago eman dizkiegu eta geruza gehiago dago". Ibai Osinaga taldekideak nahastu du diskoa.

Izendatuen zerrendako disko goiztiarrena izan zen Verde Pratoren Adoretua.

Bere bigarren lan luzea aurrekoa baino dantzagarriagoa eta argitsuagoa da. Izan ere, reggaetoi doinuak sartu ditu abestietan, erritmo latinoekin jostatzeko zuen aspaldiko grinari erantzunez.

Gaztea Sariak

Hautagai guztiak aurkeztuta, zuen gustukoenaren aldeko botoa emateko aukera izango duzue Gaztearen webgunean.

Irabazleek otsailaren 29an jasoko dute garaikurra ezustekoz beteriko galan. 2023an euskal musikak emandakoak saritzeaz gain, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da (bezperan zein sari banaketaren egunean), Gorka Urbizu eta ETSren kontzertuekin.