Gaztea

Telebista

Pantaila erraldoiak Getxon, ‘Operación Triunfo’ren finala zuzenean ikusteko

B. F. | EITB Media

Getxoko Udalak babesa erakutsi dio Martin lehiakide herrikideari. Saioaren historian, beste bi euskal herritar iritsi dira azken fasera: Ainhoa Cantalapiedra galdakaotarra eta Amaia Romero.

  • Martin Urrutia

    Martin Urrutia. Argazkia: @martin.ot2023

Gaur, 22:00etatik aurrera, 'Operación Triunfo'ren (Primer Video) finala zuzenean ikusteko aukera izango da Getxoko Muxikebarri zentroan, Martin Urrutia herrikidea babesteko.

18 urteko gaztea OTko final handira iritsi da, publikoa, epaimahaikideak eta irakasleen oniritzia lortuta.

Edizioko kideekin oholtza partekatu duen arren, bakarkako emanaldiak izan dira getxoztarraren indarguneak, "Footloose", "Alors On Danse" eta "Murder on The Dance Floor" abestien interpretazioak kasu. Dohain bokalaz gain, kantua eta dantza uztartzeko duen gaitasunak zoratu ditu Martinen zaleak.

Akademian eman dituen hiru hilabeteetan, sekulako ikuskizunak eskaintzeaz gain, maitemintzeko aukera izan du. Bada, edizio honetako trama garrantzitsuenetarikoa izan da Juanjo eta Martinen arteko maitasun istorioa.

Getxo, Martinekin

Fandom erraldoia lortu du Martinek, gurean zein gure mugetatik kanpo. Finala hurbildu ahala, hainbat ekimen berezi antolatu dituzte. Igandean, Prime Videok furgonetak bidali zituen Areetara, herritarren artean Martinen aldeko merchandisinga banatzeko.

Gaur, Getxo Kulturak ekitaldi berezia antolatu du finala zuzenean jarraitzeko. Muxikebarri zentroko Arrigunaga aretoan izango da eta sarrera doakoa da, bete arte (600 lagunentzako edukiera). Emisioa 22:00etan hasiko den arren, 21:15ean irekiko dituzte ateak.

Euskal herritarrak OTn

Talentu lehiaketaren 12 edizioetan, hamaika herrikide ikusi ditugu oholtza gainean. Azken urteetan, Anne Lukin eta Chica Sobresalto nafarrak izan dira ezagunenak. Eurek eraman zuten euskara estreinakoz saiora, Ken Zazpiren "Ilargia"ren bertsio honekin.

Martin bera ere entzun dugu euskaraz, aurtengo edizioan, Chiara kidearekin batera. Elkarrekin abestu zuten "Escriurem", Miki Nuñez eta IZAROren abestiaren bertsio zoragarria. Jatorrizko bertsioko bi artistak hunkituta hartu zuten berria, baita emaitza ere.

Finalistei dagokionez, beste bi aldiz izan gara rankingaren goi aldean, lehiaketako sari nagusia etxera ekarrita: Ainhoa Cantalapiedra galdakaotarrak saioa irabazi zuen 2002an eta Amaia Romero iruindarrak lehen postua eskuratu zuen 2017ko edizioan.