Gaztea

Internet

Ariane Hoyos eta Lucía de la Puerta bizkaitar influencerrak, Ídolo sarietan garaile

B. F. | EITB Media

Ariane Hoyosek sormen eduki onenaren garaikurra eraman du. Lucia de la Puerta bilbotar aktore eta abeslariak, ostera, sortzaile berri onenaren Ídoloa irabazi du.

  • Ariane Hoyos, Ídolo sariarekin

    Ariane Hoyos, Ídolo sariarekin. Argazkia: @premiosidolo

Bi bizkaitar nagusitu dira Ídolo sarietako galan, bart gauean. Ariane Hoyos Perez santurtziar influencerrak sormen eduki onenaren Ídolo saria eraman du eta Lucía de la Puerta Uribe bilbotarrak, ostera, sortzaile berri onenarena.

Bestelako kategorietan, YosoyPlex gailendu da bi kategoria nagusietan: urteko Ídolo eta urteko eduki sortzaile digital onena. Munduan zehar ibili da Zamorako gaztea, bidaiekin eta herrialdeetako bitxikeriekin zerikusia duten bideoak egiten.

Honakoak izan dira gaueko protagonistak eta jasotako garaikurrak: byCaLiTos (moda), Lalachus (umorea), Inés Hernand (kontzientzia soziala), IlloJuan (streamer), Operación Triunfo (ikus-entzunezko proiektua), Lola Lolita (TikToker), Mestiza-musica (musika), 'La pija y la quinqui' (podcast), Climabar (jasangarritasuna), Crys Dyaz (Health & Sport), Peldanyos (gastronomia), Nil Ojeda (ekintzailetasun digitala), Violeta Mangriñan (lifestyle) eta La hija del jeque (beauty).

Bitxikeria gisa, Eme de Amores influencerrak ezaguna egin zaigun jantzia eraman du Ídolo sarietara. Alineo Studioren pieza aukeratu du hitzordu berezi honetarako, aurretik Sünek Gaztea Sarietara ekarri zuen jantzi berdina.

Eme de Amores eta Muna, Ídolo sarietarako prest
Süne, Gaztea Sarietan

Süne, Gaztea Sarietan

Ariane Hoyos: gizarte hezitzailea eta aktorea

24 urteko santurtziar gazteak Filosofia, Politika eta Ekonomia gradua ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Gerora, Madrilera joan eta Gizarte Hezkuntza ikasten hasi da. Ikasle bizitza influencer eta aktore lanekin uztartzen du.

Madrilera joan zenean hasi zen sareetarako bideoak grabatzen, bertan igarotako lehen egunak eta bizi zen auzoaren inguruko bitxikeriak erakusteko. Eduki horien arrakastaz jabetuta, toki eta tradizioen inguruko bideoak egiten sortu du bere marka propioa.

Besteak beste, Santurtzi eta Bilboko historia eta egunerokoaren inguruko aleak aurki ditzakegu bere sareetan.

Lucia de la Puerta: tenis jokalari ohia, aktorea eta musikaria

Medikuntza ikasketak bukatzen ari da 24 urteko bilbotarra. Ume eta nerabetan tenis profesionalean aritu ostean, kirola utzi eta interpretazio ikasketetan murgildu da egun Madrilen bizi den gaztea.

Musikaria ere bada Lucia de la Puerta. Hiru abesti plazaratu ditu dagoeneko: "FECHA VENCIDA", "NORMAL" eta "DEAB (De Enamorada A Bandida)".