“Berdintasunaren falazian”
hazi eta hezitakoak

IDOIA ALBERDI ETXANIZ - EITB MEDIA

Indarkeria matxista eta nerabezaroaz galdezka hasi orduko, berak jarri du galdera mahai gainean: “Benetan uste dugu gaur egungo nerabeak berdintasunean oinarritutako jendarte batean hazi direla?”. Hortik abiatuta, oso argi dauka ezin direla nerabeen eta helduen arteko jarrerak bereizi, batzuk besteen ispilu direlako. “Egitura da arazoa” eta “berdintasunaren falazian” bizi gara, Eider Goiburu Moreno (Orio, Gipuzkoa, 1980) feminista, psikologo soziala, berdintasun teknikari eta sexu hezitzailearen iritzian.

“Sexismoa, sexu osasunerako lakra bat: ikuspegi feminista babes faktore gisa” doktore-tesia kaleratu zuen 2015ean, eta bide horretan ari da lanean, emakumeen ahalduntze-prozesuetan laguntzen eta unibertsitatean eskolak ematen. Pertsonen arteko harreman osasuntsu eta positiboak eraikitzen laguntzea du helburu Goiburuk, eta horretarako “maskulinitate eredu anitz eta positiboen premia” nabarmentzen du: “Erreferentzialtasuna behar dugu”.

Helduengan bezala, modu eta forma askotara agertzen matxismoa gazteengan; sare sozialen bidezko neurrigabeko kontrola, abusu psikologikoak edota eraso fisikoak. Jarrera horiei dagokien izen-deiturak ez jartzea da arazoaren gakoetako bat. Jarrera matxistak hutsaltzea.

Nerabeen artean genero-indarkeria, normalizatuta eta ikusezina?

Genero-indarkeria kontzeptuari buruzko azalpena, lehenbizi. Indarkeria matxista da nik hautatutako terminoa nire marko teorikoa kokatzeko, eta ez genero-indarkeria. Zergatik? Indarkeria matxistak indarkeria honen sustraiak izendatzen dituelako, hau da, ideologia matxista. Eta bai, indarkeria matxista emakumeon kontrako indarkeria da, baina ez bakarrik. Zisheteroaraua hausten duten gorputz ororen kontrako indarkeria ere bada. Hau da, sexu-sexualitate-genero eskema tradizionalari uko egiten dietenen kontrako indarkeria: intersexualak, transgeneroak, transexualak, homosexualak, lesbianak, eta ohiko sexu/genero eskema birsortzeari uko egiten dioten emakumeak eta gizonak.

Marko honetan kokatzen bagara, esan dezakegu indarkeria matxista normalizatu eta ikusezina dela, bai nerabeen artean, baita helduen artean ere. Indarkeria matxista egiturazko indarkeria da. Gure bizitzako eremu guztietan dago dimentsio eta forma ezberdinetan. Gero eta baliabide gehiago ditugu indarkeria egoera ezberdinak identifikatzeko, baina oraindik aitortza sozialik ez duen indarkeria asko dago. Nire esperientziaren arabera, nerabeek intentsitate maila ezberdinetako indarkeria egoerak identifikatzen dituzte, baina helduen aldetik jasotzen duten mezua askotan da identifikatzen dituzten egoera hauek ez direla larriak, edo ezin direla indarkeria bezala izendatu.

“Uste dut nerabeengan jartzen dela fokua askotan helduongan jarri behar dugunean.”

Are gehiago, 15 eta 29 urte bitarteko 5 mutiletik batek uste du genero indarkeria ez dela existitzen, “asmakizun ideologikoa” dela esateraino. Zerk egin du huts?

30 urtetik gorako zenbat gizonek uste dute genero-indarkeria ez dela existitzen? Uste dut nerabeengan jartzen dela fokua askotan helduongan jarri behar dugunean. Berdintasunaren falazian bizi gara. Berdintasun garaian bizi garela pentsatzen dugu, emakume ala gizon izateak gure aukerak baldintzatzen ez dituela diogu, politikoki zuzena den diskurtsoa transmititzen dugu. Baina zer da helduok gure jarrera eta jokabideen bitartez transmititzen duguna? Benetan uste dugu gaur egungo nerabeak berdintasunean oinarritutako jendarte batean hazi direla? Berdintasunezko ereduak jaso dituztela? Egia da azken hamarkadetan mugimendu feminista eta berdintasun politikei esker aurrerapausoak eman direla, baina asko dugu egiteko oraindik.

Azken batean, egungo arau sozialekin erabat lotutako jarrerak: nerabeak, gizartearen ispilu.

Erabat. Sistema matxista batean bizi gara eta guztiok ditugu jarrera matxistak barneratuta. Hausnarketa sakona eta jarrera aldaketak egitea beharrezkoa da arau sozialak aldatu ahal izateko. Gainera, ez da nahikoa hausnarketa hau indibidualki egitearekin; kolektiboki egitea behar-beharrezkoa da. Nerabezaroan lagunek duten eragina kontuan izanda, bereziki garrantzitsua da esku-hartzeak taldeetan egitea arau sozialak aldatu ahal izateko.

Indarkeria matxistaren berezko ezaugarriei kontrolerako tresna berriak batu zaizkie orain: sare sozialak. Lehenago aipatu dugun normalizazio horretan lagundu al dute?

Helduon ikuspegitik, askotan sare sozialak eta komunikazio birtuala problematizatzen ditugu, guretzat ezezagunak direlako edo ez garelako hauen artean hazi. Beldurra ematen digute. Kontuan izan behar dugu mundu birtuala pertsonok elikatzen dugula. Hau da, guk partekatzen ditugun edukiek, argazkiek, komentarioek… gure sinesmen eta jarrerekin egiten dute bat. Beraz, ideologia matxista badugu, eduki matxistak partekatuko ditugu sare sozialetan. Hala ere, azpimarratu nahi dut sare sozialak eta Internet bitarteko komunikazioa garrantzitsua izan dela mezu feminista eta sexu aniztasunaren aldeko adierazpenak zabaltzeko.

Gaur egungo nerabeak Internet garaian hazi dira. Eta ados nago kontrola naturalizatu den ideiarekin, baina ez indarkeria matxistarekin lotuta bakarrik, maitasunarekin orokorrean. Esate baterako, gaur egungo gurasoek orain dela 30 urtekoek baina askoz ere gehiago kontrolatzen dituzte nerabeak. Eta kontrol hau maitasun eta zaintzaren izenean egiten dute. Kontrolarekin lotu nahi dugu maitasuna?

Kontrola eta maitasuna. Oraindik, hor kateatuta.

Maitasun erromantikoaren mitoak biziegi dirau orokorrean. Eredu tradizionalekin jarraitzen dugu, bai bikote harremanei dagokienez, bai familia ereduei dagokienez. Harreman eredu anitzen erreferentzialtasuna falta da orokorrean. Badakigu errealitatea anitza dela, baina haurren sozializazio prozesuan gutxitan adierazten da harremantzeko modu ugari eta osasuntsuak daudela. Orokorrean, bai familia, bai komunikabide, bai ipuin, jostailu eta abarren bitartez, maitasun erromantikoaren ideia indartzen jarraitzen dugu. Honek eragina du nerabeen harremanetan, noski. Bestalde, garrantzitsua iruditzen zait aipatzea maitasun erromantikoa dela nerabeekin esku-hartzean lantzen den gai nagusietako bat. Beraz, bai, maitasun erromantikoa indartsu dago, baina honekiko kontzientzia eta sentsibilizazioa handia da. Badakigu zein harreman mota diren nahi ez ditugunak, orain parekidetasunean eta elkar-zaintzan oinarritutako ereduak behar ditugu.

Genero rolen kontzeptuak eta eraketak bere horretan dirau, beraz.

Ezin dugu eraldaketa sozialaren erantzukizuna nerabeen esku utzi. Genero rolak malgutu diren diskurtsoa dugu, baina lanbideen banaketa sexuala argia da, denbora erabilpenari buruzko ikerketak irakurtzen baditugu emakumeok denbora gehiago inbertitzen jarraitzen dugu zaintza lanetan gizonek baino, komunikabideek genero rol tradizionalak irudikatzen jarraitzen dute, neskatoak hipersexualizatzen dituzte… Nerabeekin lan egitea ezinbestekoa da jendarte osasuntsu eta justuago bat nahi badugu, baina helduok ere gure erantzukizuna hartu behar dugu. Eredu gara, eta ez da nahikoa emakume eta gizonak aukera berdinak izan behar ditugula esatearekin; geure jarrerak modu kritikoan aztertu behar ditugu.

Hedabideetan eta sare sozialetan zabaltzen diren edukiei zorrotzago begiratu beharko genieke?

Eredu eta informazio iturri anitzak daude: telesailak, bideoklipak, “influencerrak” eta beste hainbat informazio iturri. Askotan garrantzi gutxiago ematen diegu musikari batzuek egindako produkzioei ez delako sexualki hain esplizitua, baina errotik ematen duten mezua oso matxista da.

Adibidez, eduki pornografiko ia gehienak helduontzat pentsatu eta ekoiztuak dira. Askotan nerabeek ez dute film pornografiko batean ikusten dutena ulertu eta prozesatzeko gaitasuna, baina ezta beste hainbat telesail eta pelikuletan ikusten dutena ere. Pornografiari buruzko tabua hautsiko bagenu, kontsumitzen dituzten edukiei buruz hitz egin ahalko genuke, eta, beste edukiekin egiten dugun bezala, egokia dena eta ez dena, egia edo gezurra dena eta matxista dena adierazi ahalko genuke, nerabeei ikuspegi kritikoa eskaini ahal izateko

Halere, sentimendu feminista hazten ari da, baita mutil gazteen artean ere.

Nire esperientzia da gazteen artean feminismoarekiko interesa dagoela. Adibidetzat ditugu ekainean Basaurin egin zen eraso homofoboaren kontrako manifestazioa, abuztuan Nafarroako Neska Gazteak sareak antolatutako topaketak eta urtero Beldur Barik programan parte hartzen duten gazte eta nerabeak.

“Prebentzioan gehiago inbertitu behar da, baina ez prebentzioan bakarrik, baita ikerketan ere.”

Genero-indarkeriarekin lotutako egungo politikak, nerabeen arteko harremanei dagokienez, hankamotz geratu al dira? Prebentziorako politiketan sakontzea falta dela?

Bai, hori da. Udal baten aurrekontuen ehuneko zein portzentaje ematen zaie berdintasun politikei? Galdera honen erantzuna oso anitza da, udalerriaren arabera asko aldatzen da. Baina ez da nahikoa inondik inora. 2021ean 5 hilketa matxista izan dira Euskal Herrian.

Prebentzioan gehiago inbertitu behar da, baina ez prebentzioan bakarrik, baita ikerketan ere. Askotan profesionalok ahalik eta esku-hartze egokienak egiten ditugu ditugun baliabideekin, baina behar-beharrezkoa da prebentzio esku-hartzeei buruzko ebaluaketa eta ikerketak garatzea. Ezinbestekoa da ulertzea zein elementu diren eraginkorrenak nerabeekin lan egiteko, zein elementuk ez duten funtzionatzen edo jarrera ezkorra bultzatzen duten. 2015ean egin nuen ikerketaren arabera, beharrezkoa da metodologia aktiboak eta bizipenetan oinarritutako metodologiak erabiltzea. Hau da, hitzaldiek ezer gutxirako balio dute nerabezaroan. Hizkuntza ere garrantzitsua da. Erabiltzen den hizkuntzak gertukoa eta ulergarria izan behar du. Erabiltzen diren adibideak beraien errealitatera egokitu behar dira. Hauek adibide batzuk besterik ez dira, baina garrantzitsua da profesionalon esku-hartzeak ere aztertzea. Ez da nahikoa egitearekin, nola egiten dugun aztertu behar dugu. Eta, noski, horretarako baliabideak behar ditugu.

Heziketan jartzen duzu zuk azpimarra, nerabe erasotzailerik egon ez dadin. Nola sustatu indarkeriatik urrun dauden rol maskulino positiboak?

Nire azken helburua ez da erasorik ez egotea, harreman osasuntsu eta positiboak izatea baizik. Elkar-zaintzan oinarritutako harremanak eraiki ahal izatea da nire azken helburua. Eta honek maskulinitate ereduen lanketa sakona eskatzen du, besteak beste.

Erreferentzialtasuna behar dugu. Hau da maskulinitate eredu anitz eta positiboen beharra dugu. Gaur egun, maskulinitateei buruzko hausnarketa garatzen ari da, baina bidea luzea da. Gainera, nerabezaroa etapa bereziki zaila da. Askotan, maskulinitate eredu hegemonikoa betetzen ez duten mutilak sozialki zigortuak dira. Hau da, irainak jasotzen dituzte, baztertuak dira… Nerabezaroan presio handia dago mutilen artean maskulinitate eredu hegemonikoa betetzeko.

“Benetako aldaketa nahi badugu jarrera aldaketa behar dugu.”

Sexu-heziketa da, beraz, oinarria, indarkeriaren prebentziorako. Zenbat eta lehenago hasi, orduan eta eraginkorragoa izango da.

Bai, baina ikuspegi hezkidetzaile batetik. Hau da, 2015ean aurkeztu nuen tesiaren arabera, nerabeen jarrera sexistek eragin negatiboa dute sexu-heziketa programen eraginkortasunean. Hau da, gero eta jarrera sexistagoak izan, gero eta eraginkortasun txikiagoa dute sexu-heziketa programek. Adibide bat jartzearren, neska nerabeek beraien gorputza aztertzea “zikina edo desegokia” dela uste badute, beraien genitalak begiratu eta arakatzea lotsa edo erruduntasun sentimenduekin lotzen badute, oso zaila izango da beraien gorputzaren autozaintza sustatzea. Beraz, sexu-heziketa oinarrizkoa da baina sexualitate gaiak ikuspegi hezkidetzaile batetik landu behar dira.

Inoiz ez da esku-hartzeko beranduegi. 55 urtetik gorako emakumeekin lan egin dudanean, aldaketa positiboak eman direla ikusi izan dut. Baina egia da gero eta lehenago hasi, gero eta aukera gehiago daudela sexualitate eta harreman osasuntsuak garatzeko. Ikuspegi hau ere zabaltzen ari dela esango nuke. Gero eta formazio gehiago daude Haur Hezkuntzako irakasle eta hezitzaileentzat. Haurtzaroan ematen eta jasotzen dira helduarorako oinarriak. Gero, oinarri hauek aldatu daitezke, baina zailagoa da. Ongizatean oinarritutako jendarte bat nahi badugu, haurtzarotik hasi behar dugu lanean.

Eta informazio, kontzientziazio eta ahalduntze kanpainaz haratago, zein da bidea?

Bideak ugari eta anitzak dira. Informazio eta kontzientziazio kanpainak beharrezkoak dira, baina ez da nahikoa. Benetako aldaketa nahi badugu jarrera aldaketa behar dugu. Jarrerak alderdi kultural eta emozionalekin dute lotura. Hau da, pentsamendu edo sinesmenak aldatzearekin ez da nahikoa, sentimenduetan eragin behar dugu. Badakigu guztiok aukera berdinak izan behar ditugula, baina zein sentimendu pizten zait nire 3 urteko alaba bere aluarekin jolasten ikusten dudanean? Edo nire 5 urteko semeak soinekoa jantzi nahi duela esaten didanean?

Jarrerak aldatzea lan sakona da. Norberaren sentimendu eta mugei buruzko hausnarketa zintzo bat eskatzen du. Baita sentimendu ezberdinen kudeaketa ere. Aldaketak sakonek sentimendu deserosoak sortzen dituzte, eta hauek kudeatzeko baliabideak behar ditugu. Informazio eta kontzientziazio kanpainek sinesmenetan eragiten dute, baina ez jarrera aldaketetan.