Mundu digitala, indarkeria matxistarentzako leiho berri bat

ANE SANTESTEBAN - EITB MEDIA

MATXISMOAK BESTELAKO ESPAZIOAK BILATZEN DITU JARDUTEKO

Emakumeek egunero sare sozialetan jasotzen dituzten mezu lizunak edo jarrera gogaikarriak, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren erabateko kontrola mugikorraren bidez, xantaiak sarean irudi intimoak ez zabaltzearen truke... Internet bidezko sexu-delituek gora egin dute 2021ean: % 50etik gora, adingabeen kasuan.

Indarkeria eta emakumearen aurkako gorrotoaren diskurtsoa mundu digitalean dagoen beste errealitate bat dela azaldu digu Estibalitz Linares gizarte langile, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta Sortzen aholkularitzako formatzaileak; izan ere, gailu digitalen bidezko emakumeen aurkako erasoek nabarmen egin dute gora.

Ikerketa ugari egin ditu indarkeria matxista digitalaren gainean, gazteekin, batik bat, eta gertutik ezagutzen du gaia Linaresek. “Matxismoak bestelako espazioak bilatzen ditu jarduteko eta jarraitzeko”, esan digu, eta lehendik geneukan indarkeria matxistak plataforma berri batetik islatzen ari direla zehaztu du.

“EMAKUMEEN GAINEKO INDARKERIA MUNDU DIGITALEAN OSO NORMALIZATUA DAGO GURE GIZARTEAN”

Teknologia berriek pertsonen arteko harreman-moduak aldatu dituzte, giza harremanetarako tresna berriak sartuz, baina lehen ez zeuden arriskuak ere jarri dituzte mahai gainean. Internetek, sare sozialek, plataforma berriek… bizitza pertsonala azaltzeko espazioak eskaintzen dituzte, eta horrek emakumeen gaineko kontrola eta indarkeria ekar dezaketen beste era bateko harreman afektibo eta sexualak ekarri ditu.

Dena dela, jarrera horiek gure gizartean oso barneratuta ditugula ohartarazi du Deustuko Unibertsitateko irakasleak, eta gai honen inguruan asko dugula egiteko. Berak argi du: mundu digitalean gertatzen diren jarrera matxisten inguruan hausnartzeak eta txikitatik kode berdinzaleagoak sustatzeak berebiziko garrantzia dute.

“ARGITARATZEN DENA KONTROLATZEA EDO ARGAZKI INTIMOAK BAIMENIK GABE BERBIDALTZEA ERE GENERO-INDARKERIA DIRA”

Mundu digitaleko indarkeria motak

Urte hauetan guztietan ikertzen ibili ostean, hainbat indarkeria matxista identifikatu dituztela kontatu du Sortzen aholkularitzako formatzaileak, eta horietako batzuk zerrendatu ditu:

  • Ziberjazarpen sexuala: Izaera sexualeko intimidazioko espazio bat sortzea, argazkiak, bideoak edo audioak zabaltzeko, emakumearen baimenik gabe eta/edo online iruzkin sexualak egitea eta deserosotasuna eragitea.
  • Ziberjazarpen sexista: Neska baten kontra egiten diren komentarioak, argazkiak edo bideoak, neska izate hutsagatik, eta botere asimetria eragiten dutenak. Hemen sartuko lirateke ziberfeministen kontrako erasoak ere.
  • Ziberkontrola: gizarte sareetan egiten den kontrola eta hiperzaintza. Arruntena familian gertatzen da, seme-alaben edo bikotekidearen kontra.

Eraso horiek eraso ziberarrazistekin edo ziberjazarpen LGTBI fobikoarekin ere lotu daitezke. Plataforma berrietatik egiten dira, baina kodeak antzinakoak dira.

"HEZKUNTZAK PATROIAK HAUTS DITZAKE"

Hezkuntza digitalaren garrantzia

Ikerlariaren aburuz, matxismoa eta sexismoa egiturazkoak dira gure gizartean, eta hori aldatzeko lan itzela egin behar da txiki-txikitatik. “Txikitatik hasi beharko genuke hori lantzen etxean, eskoletan... lan handia dago aurretik”, gaineratu du.

Bikotekideen artean ez ezik, haurren gainean dagoen kontrola ere maiz azpimarratu du Linaresek elkarrizketan zehar. “Gurasoek une oro jakin nahi dute seme-alabak non dauden eta zertan dabiltzan”, azaldu du, eta halakoetan erabiltzen den diskurtsoa da “nik kontrolatzen zaitut maite zaitudalako”. Hortik aurrera, “patroi batzuk errepikatzen dira, eta patroi berberak errepikatzen dira bikotekideen artean ere”, azaldu du Linaresek.

“Gure garaian, orduak ematen genituen etxetik kanpo, eta gurasoek ez zekiten non genbiltzan”, esan du. Horren hitzetan, “kontrolatzea baino askoz aberasgarriagoa da haurrarekin hitz egitea, konfiantza eta errespetua lantzea, zein motatako harremanak landu behar dituen azaltzea…”.

“ESKOLEK KONPETENTZIA DIGITAL EMOZIONALAK LANDU BEHAR DITUZTE, SAREAN NOLA ERLAZIONATU JAKITEKO”

Eskoletan ere ahalegin berezia egin behar dela iritzi dio; izan ere, “konpetentzia digitalak sartu ditugu hezkuntzan, baina ez konpetentzia digital-emozionalak”. Alegia, Power Point, Excell eta Word ondo erabiltzen ikasi dute haurrek, “baina benetan ez diegu erramintarik eman teknologia berriak ondo erabiltzeko, hau da, harremanak nolakoak izan behar duten azaltzeko.

Pandemiak eraginda, gainera, txiki-txikitatik teknologiaren munduan murgilduta daude gure haurrak. “8 urteko haurrek Gmail kontuak dituzte jada”, azaldu du; izan ere, ikasgaietan aurrera egin ahal izateko, konektatuta egon behar izan dute denbora askoan.

Edukietara sarbidea dute, eta plataformekin aritu dira lanean (“Meet” plataformarekin, esaterako), horien arriskuez jabetu gabe. “Ezjakintasuna dela medio, erasoak izan dira ikasle gazteenen artean”, azaldu digu Linaresek.

Hori dela eta, garai batean formakuntza institutuko ikasleei ematen bazien ere, azken hilabeteotan eskola askotatik deitu diote, gaztetxoagoei formakuntza ematea eskatzeko. “Edukietarako sarbidea dute, eta hori aurrez ez badugu landu, ez badiegu bestelako jarraipenik edo argibiderik eman, arazoak izango ditugu etorkizunean”, esan digu.

Eskolek konpetentzia digital emozionalak landu behar dituzte, sarean nola erlazionatu jakiteko.

“BI BIDER PENTSATU ZURE SARE SOZIALETAN NORBAIT ONARTZERAKO GARAIAN, MEZU BAT BIDALI BEHAR DUZUNEAN EDO ZUTAZ ZERBAIT ARGITARATZEN DUZUNEAN”

Nola prebenitu: segurtasun neurrien garrantzia

Mundu digitalean gertatzen diren indarkeria mota horien guztien aurrean, emakumeek hainbat segurtasun neurri har ditzakete. Adituak horietako batzuk aipatu ditu:

  • Kontuak segurtasun osoz babestu asmatzen zailak diren pasahitzekin, inor zure baimenik gabe ez sartzeko.
  • Erasotzailea edo mezu desatseginak bidaltzen duen oro blokeatu edo ahal den toki guztietatik ezabatu.
  • Sare sozialetan eskegitzen dena asko zaindu: ez jarri non zauden, non bizi zaren, zer egiten ari zaren…
  • Ez bidali inoiz irudi konprometiturik ezezagunei edo norbaitek hala eskatzen dizulako.
  • Gorde jazarpenaren froga posible guztiak, denboran zehar irauten badu, salatu ahal izateko.

“ARRUNT BIHURTU DEN ALDETIK, BERANDU AZALERATZEN DA ERASOA”

Biktima eta lege mailako hutsunea

Ziberkontrola oso normalizatuta dago gure egunerokoan, eta, hori dela eta, askotan, oso berandu salatzen du emakumeak indarkeria matxista digitala jasan duela edo jasaten ari dela. “Normalean, erasoak asko direnean edo oso aurreratuta daudenean, larriak direnean salatzen dira”, nabarmendu du.

Txikitxoen eta nerabeen kasuan, gurasoei kontatzea oso garrantzitsua dela uste du ikerlariak. “Hori da aurreneko pausoa. Gero, gurasoek, eskolarekin koordinatuta eta askotan, kanpoko errekurtso baten bidez, psikologo batekin, adibidez, gaia landu, eta haur edo nerabeari lagundu behar zaio”, adierazi du Linaresek.

Helduei dagokienez, baina, bestelakoa gertatzen da. “Alor honetan daukagun hutsune legala oso garrantzitsua da”. “Ziberdelituen aurkako legearen oinarrian egongo da, baina ez da indarkeria matxistatzat joko”, azaldu du.

Horregatik, adituaren iritziz, oso garrantzitsua da mundu digitalean gertatzen denaz ozen hitz egitea, bai eta hor gertatzen diren indarkeria guztiei izena jartzea eta horiek ezagutaraztea ere.