Albisteak

Kontzertuen agenda

Euskal musikak aginduko du urtarrileko azken asteburuan

Luzia Zugadi

Berri Txarrak, Delorean, Esne Beltza, kemen Lertxundi, Txapelpunk eta Potemkin izango dira gurean, besteak beste.

Asteburu honetan, beti bezala, ez da musikarik faltako Euskal Herrian. Oraingoan gainera, euskal musikak aginduko du gurean, atzerriko talderen bat edo beste egongo bada ere, gehien bat euskal doinuak entzungo baitira gure inguruan.

Gaur, goiztiarrenak Zeren Zai taldekoak izango dira, 19:00etan Donostiako FNACen joko baitute. Arantzan, Sexty sexers arituko da, 23:00etatik aurrera, eta Arrasateko 3 aretoan, Vicepresidentes eta Sound of Silence. Gipuzkoa aldeko kontzertuekin jarraituz, aipatu beharra dago Ken Zazpik eta Josu Bergarak Jam aretoko denboraldi berriari hasiera emango diotela eta Esne Beltza eta Kemen Lertxundi Donostiako DOKAn izango direla.

Bizkaian, berriz, Garik Hamasei lore diskoa aurkeztuko du Durangoko Plateruena antzokian, Storbais, A.D. eta Tres 41 taldeek doinu gogorragoak zabalduko dituzte Markinan, Gosek Ondarroako Kafe Antzokia alaituko du eta Potemkinek bere lan berria aurkeztuko du Amorebieta-Etxanoko Idaba aretoan. Guzti hori gutxi balitz, Berri Txarrakek birari ekingo dio berriro eta atsedenaldiaren ostean, Bermeora iritsiko da Lekunberriko taldea Payola diskoko kantuekin.

Bukatzeko, Miarritzen "Gau eroa" izango da gaurkoa. 20:00etatik hasita, Gatazka, Txapelpunk eta Tortuga Soun taldeak bilduko dira bertan eta Tuteran Delorean talde zarauztarra izango da.