Albisteak
Tendentziak
Kultura ezberdinen ohiturak eta koloreak uztartu ditu Skunkfunkek
Luzia Zugadi
Udarako aurkeztu duen bilduma hiru kolore talderekin osatu du. Gainera, Grems artista frantsesaren kolaborazioa izan du.
Skunkfunk marka euskaldunak datorren udaberri/udarako aurkeztu duen bilduma ekialdearen eta mendebaldearen arteko gurutzaketa da. Ohiturak, koloreak eta kultura ezberdinen erreferentziak nahasten ditu eta guzti horrekin lorategi sutsu eta funky bat sortzen du.
Hiru kolore talderekin osatutako bilduma atera du, atmosfera ezberdinak uztartzen dituena. Lehen taldean, vintage estiloa duten udako koloreak azaltzen dira: urdinen arteko nahasketa eta horiarekin topo egiten duten tonu marroiak, baita grisa eta zilar kolorea ere. Bigarren taldean, berriz, argitasunez eta kontrastez betetako koloreak nabarmentzen dira: gorria, berdea, morea, kobre kolorea eta beltza eta amaitzeko, hirugarren taldean zuria, grisa, berde ezberdinak eta fuksia agertzen dira.
Ehundura berrien bila
Udako bilduma hau diseinatzeko, Japoniara bidaiaren bat edo beste egin dute Skunkfunkeko diseinatzaileek, bertako ehundura loretsuak Euskal Herrira arte ekartzeko asmoz. Gainera, bestelako ehundurak ere erabili dituzte; ginghama, "vichy" tela, banbua eta kotoi organikoa, adibidez.
Bilduma berri honetan, Grems artista frantsesak ere kolaboratu du.