Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Musikariak BBK Liven

Nola bizi da Bilbao BBK Live agertokitik?

Natxo Velez | eitb.eus

The Cat Empire, Vintage Trouble, Zea Mays, Dover eta Arizona Baby taldeetako kideekin hitz egin dugu jaialdiaren atarian, emanaldia nolakoa izango den, zer talde ikusiko dituzten eta beste jakiteko.

Musikari batzuek nahiago izaten dute beren kontzertuak eman: bereari jarrita, dena kontrolpean izan, areto itxi batean eta beraiek ikustearren dirua ordaindu duen publikoa aurrean dutela aritu, haizea alde? Beste batzuek, aldiz, maite dituzte jaialdiak, beste talde batzuekin harremanak izan eta askotariko ikusleen arreta bereganatzeko eta zale berriak egiteko erronkari ekin.

Bilbao BBK Live jaialdiaren hamargarren edizioan parte hartuko duten hainbat musikarirekin hitz egin dugu, asteburu oso baterako musika plana nola bizi duten jakiteko: jaialdiaz zer dakiten, karteleko zein beste talde ikusi nahi dituzten?

Musikari hauek erantzun dizkiete gure galderei: Will Hull-Brown The Cat Empire australiar taldeko bateria-jotzailea (larunbatean joko dute, 19:05ean), Ty Taylor Vintage Trouble blues rock talde indartsuko abeslaria (larunbata, 18:15), Aiora Renteria Zea Mayseko abeslaria (ostirala, 23:20), Cristina Llanos Doverreko gitarrista eta abeslaria (osteguna, 23:45) eta Javier Bielva Arizona Baby Valladolideko taldeko abeslaria (ostirala, 01:50).

Will Hull-Brown (The Cat Empire)

Egon zara inoiz aurretik Bilbao BBK Liven, jotzen edo ikusle gisa? Ezagutzen duzu hiria?

Ez, ez naiz sekula egon ez jaialdian ez hirian.

Zer dakizu Bilbori buruz?

Bilbo hiriari dagokionez, istorio harrigarria daukat akorduan. 2002ko abuztuan, Eskozian, Edinburgoko jaialdian, egon ginen, hamabost gauez Late ?N? Live jaialdian jotzen.

Daniel Kitson, aktore komiko nagusietako bat, zer lanbidetan jarduten zen galdetzen ari zitzaion publikoko jendeari, eta haietariko batek arkitekto-laguntzailea zela erantzun zion. Danielek zera galdetu zion orduan: ?Arkitekto-laguntzaile gisa, munduko zein bazter ezagutu nahiko zenuke??. Eta gizonak toki hori Bilboko Guggenheim museoa zela esan zuen.

Daniel Kitsonek atseginez hartu zuen ikuslearen bat-bateko erantzun zehatza, eta ametsa gauzatzen laguntzea erabaki zuen. Hartara, ondorengo gauetan kapela pasatu zuen ikusleen artetik, dirua biltze aldera. Eta ez duzue sinetsiko: gizona Bilbora eramateko adina diru batzea lortu zuen.

Gizonak bidaia txartelak erosi eta Daniel Kitsoni argazkiak bidali zizkion, eta Kitsonek publikoari erakutsi zizkion bertan egon ginen azken gauetako batean. Beraz, esango nuke zuenetik ezagutzen dudan gauza bakarra Guggenheim museo bat dagoela dela. Asko daukat ikasteko.

Will Hull-Brown (The Cat Empire)

Zelako kontzertua eskainiko duzue jaialdian?

Maite dugu jaialdietan jotzea. Hein handi batean, taldearen arrakasta eta munduko hainbat bazterretan ezagunak izatea horietan jotzeari zor diogu. Izugarria da jaialdietan zer indar metatzen den, eta, agertokian gaudenean, publikoari energia multzo handi hori helarazten saiatzen gara.

Bilbokoa areto itxietan egin ohi ditugun kontzertuak baino apur bat laburragoa izango denez, hasiera-hasieratik indarrez ekingo diogu, eta kantu bizi-biziak joko ditugu. Baliteke abesti berri bat edo bi jotzea ere! Jaialdia erraldoia izatea espero dut, eta, zorionez, janari gozo piloa egotea.

Aukerarik baduzu, zer kontzertu ikusteko aprobetxatuko duzu?

Muse ikusi nahiko nuke; egun horretako kartelburuak dira. Behin ikusi nituen, beste jaialdi batean, eta ikaragarriak dira.

Nalle Colt (Vintage Trouble)

Egon zara inoiz aurretik Bilbao BBK Liven, jotzen edo ikusle gisa? Ezagutzen duzu hiria?

Ez, ez naiz inoiz jaialdian egon, baina bertan parte hartzeko irrikan nago. Espainia maite dugu, eta ikaragarri ondo pasatu dugu bertan jo dugun bakoitzean. BBK, Bilbo hiriaren edertasunak inguratuta, oso ezaguna da musika komunitatean. Jakina da Europako jaialdirik puntakoenetakoa dela.

Bilbori buruz dakidanari dagokionez, oso gutxi da. Burura datorkidan lehenengo gauza euskara, Guggenheim Gehryren museoa, artea eta musika dira. Apur bat ezjakintzat erakusten dut neure burua hori onartuta, eta egoerari laster buelta emango diodala uste dut, jakin badakit eta hiri eder honek txoko ikusgarri asko izango dituela ezagutzeko gertu.

Zelako kontzertua eskainiko duzue jaialdian?

Publikoak ondo pasatzea da gure helburua; musikaren bitartez jendea dibertiaraztea. Gurean, rhythm & bluesa eta rock-and-rolla aurkituko duzue, eta ahal bezain urrun heltzea dugu xede, besterik ez.

BBK Liven eta gainerako jaialdi guztietan, gauza bertsuaren bila abiatzen gara: heldu eta lagun berri eta lagun zaharrekin, ?troublemakers? deitzen diegun horiekin, harreman ederra sortu. Publikoarekin ahalik eta harreman estuena izan nahi dugu.

Aukerarik baduzu, zer kontzertu ikusteko aprobetxatuko duzu?

Tira, lagun? Horrenbeste emanaldi ikusi nahiko nituzke? Ben Harper, Muse, James Bay, Mumford and Sons eta BRMC. Parte hartzeko gogo biziz nago. Laster arte!

Aiora Renteria (Zea Mays)

Aurretik ere egonda zaudete Bilbao BBK Live jaialdian jotzen. Zer oroitzapen dituzue?

Sekulako oroitzapen onak ditugu. Gure bateria-jotzailea alaba jaiotzeko zain zegoen eta aurreko egunean jaio zen; beraz, kontzertu basatia, indarrez eta emozioz betea, izan zen!

Nahiz eta arratsaldeko seietan izan, agertoki erraldoian pilo bat jende elkartu zen gu ikusten. Gero, kontzertuaren ondoren, oso ongi ibili ginen nazioarteko musikariz inguratuta, kar-kar.

Zer iruditzen zaizue jaialdia?

Guretzat luxua da: etxetik ia mugitu barik talde pilo bat ikusteko eta ezagutzeko aukera izaten dugu. Gainera, lekua oso berezia da, mendiz inguratutakoa.

Nahiko ezberdina da urtez urte jaialdiaren ikuspuntua; batzuetan heavyagoa, besteetan poperoagoa edo rockeroagoa? Baina beti pozik ibili gara, ze kalitatearen aldetik beti potente ibili da.

aiora renteria

Zelako kontzertua eskainiko duzue jaialdian?

Kontzertu potentea egitea espero dugu, indarrez betea. Espero dugu jendearen gustukoa izatea!

Aurten, gaueko hamaikak aldera joko dugu, eta errepertorioa prestatzen ari gara: gure abesti klasikoenak eskainiko ditugu, energiaz beterik, gaur egunekoak, bertsioak? Denetarik egongo da, ileak puntan jartzeko eta dantza eta saltoka ibiltzeko ere!

Aukerarik baduzu, zer kontzertu ikusteko aprobetxatuko duzu?

Aurten, ostegun eta ostiralean bakarrik joango gara, larunbatean beste kontzertu bat dugu eta. Talde asko ez ditugu ezagutzen, baina ezagutzeko prest gaude. Jaialdi honi esker talde pilo bat ezagutu izan dugu beste edizioetan; Ladytron eta Noisettes, adibidez.

Muse ezingo dugu ikusi, baina gustura ikusiko dugu The Jesus and Mary Chain.

Cristina Llanos (Dover)

Cristina Llanos Dover

Egon zara inoiz aurretik Bilbao BBK Liven, jotzen edo ikusle gisa? Ezagutzen duzu hiria?

Orain arte ez dugu jaialdira joateko aukerarik izan, ez jotzen ezta publiko gisa ere. Ziur nago hilaren 9an ondo baino hobeto pasatuko dugula.

Bilbo hiri bitxia da: nortasun berezko eta aldaezina du. Gogoan dut oraindik 1997. urteko Aste Nagusi itzela, Gas plazan...

Zelako kontzertua eskainiko duzue jaialdian?

Kasu hauetan ohikoa dena. Guztia ondo atera dadila eta publikoak eta geuk ondo pasa dezagula.

Aukerarik baduzu, zer kontzertu ikusteko aprobetxatuko duzu?

Bada, behin gure emanaldia bukatuta, erlaxatuta, denetarik ezer ez eta ezerretik asko.

Javier Bielva (Arizona Baby)

Egon zara inoiz aurretik Bilbao BBK Liven, jotzen edo ikusle gisa? Ezagutzen duzu hiria?

Bilbao BBK Liven 2012an jo genuen lehenengoz, Corizonas gisa, ?The News Today? biran. Agertoki nagusiko lehen talde izan ginen, eta latza izan zen. Bigarren kantuari ekin genionerako, 6.000 lagun baino gehiago zeuden bilduta, eta gero gehiago batu ziren. Kontzertu handia eta esperientzi izugarria izan ziren. Bideo bat ere badago hortik: ni ikusleen artean agertzen naiz, eta dena ematera taularatu ginela erakusten du.

Bilbori buruz, zer esango dizugu, bada! Hiri ederra da, kultura biziz betea. Nire ustez, bizitzen ari garen unearen gainetik ere, nortasun gogorrari eutsi dio. Gelditzeko denbora nahikoa izatea gustatuko litzaiguke, baina boogie-aren karabanak hemendik hara eramaten gaitu hegaz.

Zelako kontzertua eskainiko duzue jaialdian?

Ezagutzen gaituzten horiek hurreratu eta gurekin gozatzea nahi dugu, eta, oroz gaindi, Secret Firesekin gu ezagutzen ari direnak eta ezagutzen ez gaituztenak batu zatzaizkiola ?Arizona familiari?.

Aukerarik baduzu, zer kontzertu ikusteko aprobetxatuko duzu?

Muse, Black Rebel Motorcycle Club, alt-J, Future Islands, Zoot Woman eta beste asko ikusi nahiko genituzke... Zaila izango da.