DANIEL|A|

DANIEL|A|

DANIEL|A|

Elkarrizketa

“Lehen tabu handiagoa zen generoaz hausnartzea; pixkanaka bada ere, bitartasuna hausteko nahia handitu da”

EITB Media

Nora Alberdi, "Daniel|a|" web telesailaren zuzendaria, ikus-entzunezko proiektuaren sorkuntza prozesuaz eta lantzen dituen gaiez aritu da.

  • "Daniel|a|"ren errodajea

    "Daniel|a|"ren errodajea. Argazkia: EITB Media

"Daniel|a|"ren zuzendaria, Nora Alberdi, web telesailak jorratzen dituen gaiez, izandako baliabideez, generoaz eta fikzioa eta errealitatea uztartzeaz aritu da elkarrizketa honetan.

Kontatuko diguzu nola eta zerk erakarrita heldu zinen Daniel|a| proiektu transmediara?

Proiektu honetan parte hartzeko proposamena iritsi zitzaidanean ez nuen proiekturik esku artean eta banuen gogoa esperientzia berriren bat bizitzeko, baina egia da bertigo handia eman zidala lehen deia jaso nuenean. Lantalde osoa lotuta zegoen eta zuzendaria bakarrik falta zen. Hala, grabatzen hasi baino bi hilabete lehenago, nirekin jarri ziren harremanetan, eta nik, noski, baiezkoa eman nuen.

Hala ere, ez da lehenengo aldia ikus-entzunezkoak sortzen zabiltzala.

Kulturaz kultur kooperatiban daramatzat bi urte lanean, eta hainbat ikus-entzunezko lan egin ditugu bertan, tartean DAPA, sormena oinarri duen ikus-entzunezkoen bilduma. Beraz, nire egunerokotasunaren zati handi bat hartzen du ikus-entzunezkoak sortzeak. Proiektu "pertsonalak", ordea, "Daniel|a|"n parte hartu aurretik bi egin ditut, biak 2019an argitaratuak: Bigarren sexua(z), collage eta Kuraiosa. Azken hau izan zen ikus-entzunezkoak sortzeko gai nintzela sinesteko balio izan zidan proiekturik garrantzitsuena eta pertsonalena.

Oraingo honetan, zer kontatu nahi diguzue "Daniel|a|" web telesailean?

Gai asko, ia edonork bere egunerokotasunean bizi ditzakeen gaiak. Nik neuk bertan lantzen diren gai horietako asko bizi izan ditut gertutik: unibertsitateko lehen eguna, familiako bat langabe gelditzea, eta, batez ere, niri gehien ukitzen didana, genero-nortasunarena. Hein handi batean proiektu honi baiezkoa eman nion generoaz hausnartzen zelako.

Zuk esan bezala, gai sozial asko jorratzen ditu web telesailak eta horien artean nabarmentzekoa izan daiteke genero-nortasunarena. Zelan moldatu zarete hamaika ertz dituen gai hori pantailara eramateko?

Egunerokotasunaren erdigunean dagoen gai bat dela iruditzen zait. Lehen tabu handiagoa zen generoaz hausnartzea; orain, pixkanaka bada ere, binariotasunarekin hausteko nahia handitu egin dela esango nuke. Daniel|a| pertsonaia haragitzeko orduan, hasieratik argi izan dugu ez genuela emakume izatetik gizon izaterako trantsizio soil eta finkoa erakutsi nahi, bizitza errealean ez delako horrela. Genero arauak oso zurrunak dira, baina, zorionez, gero eta pertsona gehiago gara arau horiek betetzen ez ditugunak.

Atal laburrak, baliabide urriak, denbora oso mugatua… zailtasunak zailtasun, nola egin diozu aurre horrelako proiektu bati?

Gogoa, elkarlana eta ilusioa izan dira proiektu hau aurrera ateratzeko gakoak. Lantalde oso polita osatu dugu. Esperientzia oso aberasgarria izan da, une gogoangarri ugari gordeko ditut, baina egia da grabazioaren azken egunetan sentitu dudan estresa handia izan dela. Izan ditugun baldintzak ez dira onenak izan, astebetean, ordu pila bat sartuta eta une askotan presaka atera behar izan dugulako proiektua.

Unibertso honek baditu hainbat konstelazio deigarri, baina bada bat bereziki arreta deitzen duena: fikzioan gertatzen den kontzertu bat errealitatera ekarriko duzue, eta kontzertu hori gero fikzioan txertatu. Ez da erraza izan behar hori…

Ilusio berezia egiten dit kontzertua eta filmatzea uztartzeak. Nire bizitzan gehien disfrutatu ditudan uneak kontzertuak izan dira. Bertan sortzen den giroa izugarria da, eta hori fikziora eramatea polita izango da. Egia da, ordea, ez dela berdina pantaila batean kontzertua ikustea edo bertatik bertara bizitzea; hori azken urte honetan ederki ikasi dugu.

Eta noiz eta nola ikusi ahal izango dugu emaitza?

Irailaren 26an publikatuko da lehen kapitulua. Hortik aurrera, egunero, ostiralera arte, atal berri bat argitaratuko da sarean. Plataforma digital boteretsuetan egin ohi den moduan, atal guztiak jarraian ikusi nahi dituenari ostiralera arte itxaroteko esango nioke.