Albisteak

Kontzertuak

Apirilean AEBtik bira egingo du Berri Txarrak taldeak

Luzia Zugadi

San Frantziskon hasi eta New Yorkera helduko dira nafarrak apirilean. Guztira, zazpi emanaldi eskainiko dituzte.

Albiste on batekin hasi du goiza gaur Berri Txarrak taldeak. Hirukote nafarrak apirilean AEBtik kontzertu bira egingo duela iragarri du. Besteak beste, Seattle, San Frantzisko, New York eta Portland bisitatuko dituzte udaberrian.

Astebeteko bira Brooklynen (New York) bukatuko dute. Han, The Naked Heroes taldearekin batera emango dute azken zuzenekoa. Lehenengoa, berriz, San Frantziskon izango da, apirilaren 8an.

Gainera, aspaldi aurreratu zuten uztailaren 11n eta 12an Bartzelonan egingo duten Cruilla jaialdian ere arituko direla, eta abuztuan Xtreme Fest. Jaialdian parte hartuko dutela.

AEBko bira

Apirilak 8, San Frantzisko (Kalifornia)

Apirilak 9, Merced (Kalifornia)

Apirilak 10, Chico (Kalifornia)

Apirilak 11, Eugene (Oregon)

Apirilak 12, Seattle (Washington)

Apirilak 13, Portland (Oregon)

Apirilak 15, New York (New York)