Albisteak

Jaiak

Belako, We Are Standard eta La Pegatina, Donostiako Aste Nagusian

Luzia Zugadi | eitb.com

Ze Esatek!, Niña Coyote eta Chico Tornado, Soziedad Alkoholika, Duncan Dhu, Lauroba, Urtz, Skasti eta Eratu ere arituko dira Sagueseko agertokian.

Donostiako Aste Nagusian Saguesen egongo diren kontzertuen berri eman dute gaur, eta aurten ere egitarau zabala prestatu dute.

Aurreneko zuzenekoa abuztuaren 9an izango da. Egun horretan, Ze Esatek! igoko da agertoki gainera, rock, reggae eta ska doinuak taularatzeko. Egun bat geroago, La Pegatinaren txanda izango da. "Lloverá y yo veré" birarekin iritsiko da Gipuzkoara talde kataluniarra. Ostean, Skasti taldea igoko da agertoki gainera.

Astelehenean, abuztuaren 11n, Belako eta We Are Standard bizkaitarren kontzertuek hartuko dute lekua, eta asteartean, berriz, Niña Coyote eta Chico Tornadoren eta Urtzen emanaldiek.

Asteazkeneko protagonista nagusia Soziedad Alkoholika izango da, baina egun berean, Eraturen musika ere entzungo da Saguesen.

Duncan Dhu eta Lauroba abuztuaren 14an arituko dira. Azkenik, Jah 9 izenarekin ezaguna den Janine Cunningham talde jamaikarrak eta Dambak itxiko dute festetako egitaraua.