Albisteak

Agurra

Kerobia, betirako gogoan

Luzia Zugadi | eitb.com

Hamahiru urte nahikoa izan dira Kerobiarentzat, sei disko kaleratu, Gazteako Maketa Lehiaketa irabazi eta ehunka kontzertu emateko. Horrekin, betirako agurtzea erabaki dute nafarrek.

Bart jasotako berriak txundituta utzi du euskal musikaren mundua. Hamahiru urteko ibilbidearen ostean, eta ehunka kontzertutan talde jantzia, jarraitua eta arrakastatsua izan dela erakutsita, betirako agurtzeko ordua heldu zaiola eman du aditzera Kerobia taldeak.

Haien webgunean argitaratutako agiri batekin agurtu da laukote nafarra, Supernova kaleratu zutenetik bururatu zaizkien ideiak gauzatzeko "gai" izan ez direla argudiatuz.

Ibilbidea

2001eko abenduan jaio zen Kerobia Iruñean, eta garai hartan, Xabi Fernandezek, Mikel Zorrillak eta German San Martinek osatzen zuten taldea.

2003an, hirukote gisa, hainbat kantu egin zituzten, baina handik gutxira, Karlos Ortiz baxu-jotzailea batu zitzaien. Urte berean, maketa grabatu zuten, eta Gazteako Maketa Lehiaketan garaile atera ziren.

2004an iritsi zen Kerobiaren estreineko diskoa. GOR diskoetxea aukeratu zuten Kerobia lana merkaturatzeko. Urtebetez, agertokiz agertoki ibili ziren, eta Euskal Herrian izandako arrakastaz jabetuta, bigarren lanaren grabazioari ekin zioten. Orduan, Karlos Ortizek taldea utzi, eta Alberto Isabak hartu zuen haren tokia.

Bigarren proiektua (Rose Escargot) 2006an iritsi zen dendetara. Lan hartan erakutsitako estilo landuak eta pertsonalak, arrakastaren bidera eraman zuen Kerobia.

Harrezkero, beste lau lan grabatu dituzte: Materia organikoa eta gainerakoak, Papera eta kartoia, Ontziak eta Supernova.

Supernova

Azken proiektu hau 2012koa da, eta jarraitzaileengana jo zuten nafarrek laguntza eske. Hain zuzen ere, taldeak aurkeztutako proiektua aurrera eraman ahal izateko, zaleen finantziazioa eta babesa eskatu zuten.

Artista plastiko, ilustratzaile, bideo-egile eta diseinatzaileen kolaborazioa ere jaso zuten taldekideek, diskoaz gain, proiektua islatzen zuen DVDa, ilustrazioz betetako liburuxka eta paper grabatuan sortutako mural baten zatia bildu baitzituzten sorta horren barnean.

Modu horretan, laguntza eman zuten jarraitzaileentzako edizio mugatu batean bilakatu zuten diskoa.

Agiria

Esan bezala, agiri baten bidez, eta jarraitzaileei eskerrak emanez agurtu dira. Gaztean, ordea, ez ditugu hain errez ahaztuko, eta oholtza gainean berriz ikusteko aukerarik izango ez dugun arren, pozez entzungo ditugu gure artxiboan utzi dituzten altxorrak. Agur, Kerobia!