Albisteak

Durangoko Azoka 2014

Ahotseneak kontzertuen eta solasaldien egitaraua itxi du

L.Z. | eitb.eus

Abenduaren 5etik 8ra arte, euskal musikarien eta idazleen topaleku bilakatuko da Durangoko Azokaren 49. edizioa.

Bi hilabete baino gehiago falta dira Durangoko Azokaren 49. edizioari ekiteko, baina antolatzaileek urte osoa daramate "kulturaren plaza" bilakatuko den agertokia atontzen.

Oraindik bide luzea dute aurretik dena prest egon arte; aitzitik, Azokaren baitan egon ohi den Ahotsenea sortzaileen guneak itxi du dagoeneko aurtengo egitaraua. Beste behin ere, euskal idazleen eta kantarien topaleku bihurtuko da, abenduaren 5etik 8ra arte, Ahotsenea.

Esan bezala, literatura oinarri duten solasaldiek eta errezitaldiek zein formatu laburreko musika kontzertuek izango dute lekua han. Bi eremutan banatuta, besaulkietatik iritsiko diren aurkezpen hitzaldiek, eta gunearen beste aldeak hartuko dituen musika emanaldiak tartekatuko dira ordu-erdiro, beti ere, kazetari edo berbalagun bat aldamenean dutelarik.

Egitaraua

Abenduaren 5ean, Azokak ateak ireki eta gutxira, zabalduko dute Ahotsenea. Egun horretan, Sustrajah Band, Maialen Errotabehere, Juantxo Skalari & La Rude Band, Xaiko, Eskean Kristo, Skakeitan, En Tol Sarmiento, Ain_1 eta Enkore igoko dira taula gainera.

Abenduaren 6an, berriz, Angerren zuzenekoa iragarri dute goiztiarrenentzat, eta ondoren, Iheskide, Tania de Sousa, Altxatu, Patxuko Nice, Lurra, Itziarren Semeak, KX, Mitosia eta Izeberg pasatuko dira agertoki nagusitik.

Durangoko Azokaren hirugarren egunean ere ez da musikarik faltako. Abenduaren 7an, besteak beste, Emonek, Perlakek, tximeletak, Xabi Solanok, Beñat Igerabidek eta Ezinean taldeak dute hitzordua; batzuek kantu bidezko aurkezpenekin, eta besteek, solasaldiekin.

Bukatzeko, azken egunean Behin Bi Blues, Libe, Damba, Berri Txarrak, Radio Mocker's, Bidelapurrak, On, Voltaia, 22M2 eta Inun taldeen eta abeslarien doinuekin jantziko da Durango.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Durangoko Azoka