Albisteak

Erronka berriak

Fermin Muguruzak hiru kontzertu emango ditu AEBn eta Mexikon

L.Z. | eitb.eus

Gainera, azaroaren 13an Black is Beltza komikia aurkeztuko du artista irundarrak, eta Alondegian eleberri grafiko horren inguruko erakusketa zabalduko dute.

Tania de Sousaren estreinako diskoaren (Tania Tank) ekoizpenaz arduratu ostean, erronka berri bati aurre egiteko prest dago Fermin Muguruza artista.

Maletak prestatu eta bidaia luzea du aurretik. Izan ere, San Frantziskon, Los Angelesen eta Mexicalin hiru zuzeneko emango ditu, urriaren 18tik 25era, Tania de Sousarekin eta Niña Coyote eta Chico Tornadorekin batera. Gainera, AEBko bi kontzertuetan Tijuana No! taldean aritutako Ceci Bastida izango dute lagun agertokian.

Horrez gainera, Mexicalin Muguruzaren pelikularen atzera begirakoa eskainiko dute.

Black is Beltza

Bestalde, azaroaren 13an, Bang argitaletxearen eskutik eta Talkarekin elkarlanean, Black is Beltza eleberri grafikoa argitaratuko du artista irundarrak. Latinoamerikan, La Caja de Cerillos argitaletxeak kaleratuko du komikia.

Halaber, komikiak argia ikusten duen egun berean, Bilboko Alondegian Black is Beltza lanaren inguruko erakusketa zabalduko dute, eta horrekin batera, hainbat jarduera paralelo antolatuko dituzte.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Mexiko