Albisteak

Proiektu berria

'Athletic Gu Gara' diskoaren aurreneko bideoklipa aurkeztu dute

L.Z. | eitb.eus

Ingelesez eta euskaraz egin dute "Stronger than all the iron",  britainiarrek taldeari eta, oro har, Bizkaiko futbolari egindako ekarpenari buruz hitz egiten duen abestia.

4:14

Athletic Club taldeak Athletic Gu Gara proiektua aurkeztu du. Lezaman emandako prentsaurrekoan, diskoa ez ezik, aurrerapen-kantua jasotzen duen bideoklipa ere aurkeztu dute.

"Stronger than all the iron" ("Burdina baino indartsuagoa") da abestia, eta ingelesez eta euskaraz abestu dute. Britainiarrek taldeari eta, oro har, Bizkaiko futbolari egindako ekarpenari buruz hitz egiten du.

Musika abiapuntutzat duen lan hori Mikel Bizar musikari eta bazkide zuri-gorriak sustatu du, helburu garbi batekin: Athletic zer den eta taldeak eragiten duen sentimendua, harrobia eta historia lau haizetara zabaltzea.

Horretarako, Athletic eta Kitto kultura elkartearen babesarekin grabatutako diskoan, hainbat jarraitzaileren laguntza jaso dute.

Esan bezala, orain arte Idi Bihotz eta Jare taldeetan aritutako Bizarrek sortu ditu hamalau abestietako batzuk, eta ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz entzungo ditugu.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak, Imanol Etxeberria atezain ohiak, Ken Zazpi taldeko partaideek, Jare, Sobieth, Radikal Hardcore, Korroskada, Parabellum, Ska P, Betagarri, Idi Bihotz eta Memoria de Pez taldeek ere hartu dute parte grabazioan.