Albisteak

Omenaldi berezia

Katamalok kantuz egin dio gorazarre Plateruenaren 10. urtemugari

L.Z. | eitb.eus

Plateruenean zuzenean diskoan 2011ko azaroan Durangon eskainitako kontzertuko abestiak jaso dituzte.

Katamaloren behin-behineko itzulerak badu arrazoi pisutsu bat atzean. Izan ere, Durangoko Plateruena Kafe Antzokiaren 10. urteurrena omentzeko itzuli da taldea, zuzeneko disko batekin.

Hamarkada bat bete duela gogorarazteko, … eta urte askotarako! ekimena jarri du abian Plateruenak aurten. Horrenbestez, aipatu egitasmo estrategikoari laguntzeko bideratuko dituzte Plateruenean zuzenean proiektuaren salmentatik lortutako irabaziak. Izan ere, Katamalo taldeko kideek azpimarratu dutenez, hasieratik izan dute bidelagun Plateruena; hots, Bihotz Bakartien Kluba sortu zutenetik.

Horregatik, argitaratu berri duten zuzeneko lanean, 2011ko azaroan Durangon eskainitako emanaldia jaso dute, eta kantu berriren bat edo beste ere erantsi diote.

Agur hartan Bide Ertzeaneko Karlos Arancegui aritu zen bateria jotzen, eta Itziar Castrilloren (All Jazz Era, Travelling Brothers) esku gelditu ziren saxo-doinuak.