Albisteak

Istripua

U2 taldeko Bonok ez du uste berriro gitarra jotzeko gai izango denik

L.Z. | eitb.eus

Besoan sekulako kolpea jaso zuen Bonok azaroan izandako bizikleta-istripuan. Hori dela eta, udara arte, behintzat, U2 ez da agertokietara itzuliko.

U2 taldeko Bonok bizikleta-istripu larria izan zuen azaroan Central Parken (New York), eta zauri handiak utzi dizkio ezbeharrak.

Eskua, besoa eta sorbalda apurtu zituen orduan, eta aurpegian ere kolpe handia jaso zuen. Horregatik, berehalako ebakuntza egin behar izan zioten, eta orain metalezko hiru plaka eta 18 torloju ditu besoan.

54 urteko irlandarrak urtarrilaren 1ean taldearen webgune ofizialean zera esan zuen: "Pentsa baino nekezagoa izan da errekuperazioa. Hau idazten nagoen honetan, oraindik ez dut argi berriro gitarra jotzeko aukera izango dudan".

Oraingoz taldeak bertan behera utzi ditu urtearen lehenengo seihilekorako aurreikusitako zuzeneko guztiak, eta oraindik argitzeke dago zer den gerora gertatuko dena.


>