Albisteak

Kontzertua

Rise Against taldea Barakaldon izango da urrian

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Urriaren 4an zapalduko du talde estatubatuarrak BEC erakustazoka, The Black Market diskoko kantuak aurkezteko. Sarrerak ostiralean jarriko dituzte salgai.

Espainiako Estatuan eskainiko dituen kontzertuen berri eman du Rise Against taldeak. Aurreikusitakoaren arabera, Madrilen eta Bilbon arituko dira estatubatuarrak urrian. Beste bi talde izango dituzte lagun kontzertuotan; nazioartekoa bata eta Estatukoa bestea. Hain zuzen, jaialdi txiki horretan parte hartuko duten gainerako bi artistaren izenak aurki jakinaraziko dituzte.

Datei dagokienez, urriaren 4an arituko dira Barakaldoko BEC erakustazokan. Madrilen, berriz, bi egun geroago izango dira; urriaren 6an, alegia.

Sarrerak

Aipatu bi emanaldietarako sarrerak maiatzaren 15ean jarriko dituzte salgai, 10:00etatik aurrera, www.doctormusic.com eta www.ticketmaster.es webguneetan, baita Fnacen, Carrefour Bidaiak eta Halcon Bidaiak agentzietan eta 902 15 00 25 telefonoan ere.

Lehendabiziko 1.000 sarrerak 33 euroan salduko dituzte (+ banaketa gastuak). Hortik aurrera, prezio garestiagoa izango dute (oraindik ez dute zehaztu).

Azken diskoa

2014an argitaratu zuen Rise Againstek estudioko zazpigarren lana (The Black Market), eta horixe da, hain justu, urrian BECen aurkeztuko duen diskoa. Halere, kanturik mitikoenak ere taularatuko dituzte han.