Albisteak

Tres Sesenta jaialdia

Iruñea prest dago Belako, Berri Txarrak eta Ken Zazpi hartzeko

Ostiralean eta larunbatean egingo dute Tres Sesenta jaialdia Zitadelan, eta, talde horiez gain, La M.O.D.A., Maga, Grises eta Xoel Lopez arituko dira bertan.

  • Berri Txarrak

    Berri Txarrak

Nafarroako hiriburuko urteko musika hitzordu garrantzitsuenetakoa heltzear dago. Tres Sesenta jaialdiak ostiralean, ekainaren 10ean, irekiko ditu ateak, eta bi egunez musika onenaren agertoki bihurtuko da Zitadela. Handik igaroko dira, besteak beste, Berri Txarrak, Belako eta Ken Zazpi euskal taldeak.

Gainera, apustu berriekin iritsiko da jaialdia. Izan ere, musika ez ezik, gastronomia ere sustatu nahi dute antolatzaileek bosgarren edizio honetan. Hala, tokiko produktuei gordetako leku bat jarriko dute Zitadelan. Halaber, aipatu eremutik kanpo ere zabalduko da musika, Alde Zaharrean hainbat kontzertu egongo baitira.

Disko-jartzaileen saioak

Berritasunik ere izango du aurten festibalak, kontzertuak bukatutakoan disko-jartzaileen saioak nagusituko baitira Zitadelan, 02:00etatik 04:00etara.

Tres Sesenta Club agertokian izango dira saioak, eta jaialdiko sarrerekin doan sartzeko aukera izango dute ikusleek. Sarrerarik ez dutenentzat, aitzitik, 5 euroan egongo dira salgai txartelak, Zitadelan bertan.

Kontzertuen ordutegiak

Ekainak 10, ostirala

20:00, Monte del Oso

21:00, Ciclonautas

22:00, La M.O.D.A.

23:10, Belako

00:30, Berri Txarrak

02:00, Dj Göo

Ekainak 11, larunbata

19:30, Baobabs will destroy your planet

20:15, Maga

21:30, Grises

22:45, Ken Zazpi

00:20, Xoel López

02:00, Edu AnMu dj

Sarrerak

Bi eguneko bonuak 30 euroan daude eskuragarri (+ banaketa gastuak). Egun bakarreko sarrerek, berriz, 20 euroko prezioa dute.

Txarteldegian, 35 euroko salneurria izango dute bonuek, eta 25 eurokoa, eguneko sarrerek.