Albisteak

Zuzenekoak

Euskal musika nagusi, asteburuko kontzertuen agendan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Izaki Gardenak, Willis Drummond, Gatibu, Eraso!, Lehendakaris Muertos eta Izaro arituko dira asteburuan Euskal Herrian.

OSTIRALA

SuTaGarren kantu berriek Andoaingo Bastero kulturgunea bustiko dute ostiral gauean, eta horixe bera gertatuko da Bilbon, WAS eta Mounr taldeen abestiekin.

Gipuzkoara itzulita, Enkorek Donostian emango duen kontzertuarekin egingo dugu topo. Gipuzkoako hiriburuan, baita, Zozo eta Willis Drummonden musika entzungo da.

Iruñearrek ere ez dute etxean geratzeko aitzakiarik edukiko. Izan ere, Txintxarri tabernan Juju & Anlaki eta Baobabs Will Destroy Your Planet arituko dira.

Bukatzeko, Eraso!-k eta Erok Mungia astinduko dute.

LARUNBATA

Def Con Dos eta Aski da taldeen emanaldiak hartuko ditu Alegiak larunbatean. Gipuzkoan beste hainbat kontzertu egongo dira egun horretan; gehienak, Donostian. Gazteszenan, esaterako, besteak beste, Zozo, Discipulos de Dionisos, Lie Detectors, InorenEroNi, Pelax eta Telmo Trenor? igoko dira oholtzara.

Bukowski aretoan, ostera, Izaki Gardenak bihurtuko da protagonista, eta Doka aretoan, Kaotiko eta Ultimos Reyes.

Dakizuenez, larunbatean Gatibuk disko berriko kantuak aurkeztuko ditu Iruñean.

Azken bi zuzeneko aipagarrienak Bizkaiak hartuko ditu. Alde batetik, Luhartzek Berrizko Olakueta Plaza girotuko du. Bestetik, Bilboko Kafe Antzokian Lehendakaris Muertos eta The Guilty Brigade aterako dira agertokira.

IGANDEA

Gatiburen Iruñeko bigarren hitzorduak ez ezik, beste zenbait musikariren doinuek ere jantziko dute igandea.

Hauek dira, hain zuzen, asteburuko agenda itxiko duten emanaldi nagusiak: Señor No, Bilbon; Joseba B Lenoir & Miren Narbaiza eta Ilargi Agirre, Eibarren; Gatibu, Iruñean, eta Izaro, Larrabetzun.