Albisteak

Ostegunetik larunbatera

Ordiziarrock jaialdia, ate-joka

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Urriaren 19tik 21era egingo dute jaialdiaren hamalaugarren edizioa Ordizian, eta kontzertu guztiak doakoak izango dira. Besteak beste, Hamlet, Cobra, Seiurte eta Rodeo arituko dira bertan.

0:34

Ostegun honetan emango diote hasiera Ordiziarrock jaialdi ezagunari. Hamalau urte daramatza Ordiziarrockek Goierriko eszena musikala astintzen. Eskarmentu handiko jaialdia da, beraz, eta horixe erakusten du antolatzaileek edizio honetarako prestatutako kartelak ere. Indartsu dator Ordiziarrocken hamalaugarren edizioa, Hamlet metal talde madrildarra buru. Aipatutakoa, baina, ez da Ordizia astinduko duen talde bakarra izango, euskal musikak ere leku garrantzitsua izango baitu bertan. Besteak beste, Cobra, Seiurte, Rodeo eta Sofa taldeak igoko dira agertokira ostegun honetatik larunbatera, urriaren 19tik 21era, egingo duten jaialdian. Horiez gainera, The Music Collectors, Dani Pozo 4-Et, Holy Nuns, Correcaminos Rock & Roll Band, Olarius & Brother Rock DJak, Thursday's Pussy Dogs, Batzuri eta JMA ere arituko dira bertan.

 

 

"Herritik, herriarentzat", hori da Ordiziarrockek hasieratik izan duen filosofia. Hala, festibalaren helburua herriko taldeentzako lokalak lortzea izan zen hasiera batean. Hori lortutakoan, berriz, asmo berria erakutsi dute; urte osoan zehar herria kontzertuekin girotzea, alegia. Horregatik, jaialdian batutako dirua Ordizian musika sustatuko duten ekintzetarako erabiliko dute.

Ohikoa den bezala, irisgarritasun neurriak hartuko dituzte oraingoan ere, entzumen arazoak dituztenek musikaz gozatzeko aukera izan dezaten.

Egitarau osoa:

ORDIZIARROCK 2017 EGITARAUA