Albisteak

Urriko azken asteburuak kontzertu zaparrada dakar Euskal Herrira

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Ken Zazpik, Su Ta Garrek, Anarik, Libek, Hesianek, Egurra ta Kittok eta Beñat Igerabidek joko dute asteburuan Euskal Herrian.

OSTIRALA

Bizkaitik hasita, Abadiñon Pelax taldeak emango duen kontzertuarekin egingo dugu topo, baita Ken Zazpik Basaurin eskainiko duen zuzenekoarekin ere.

Gipuzkoan ere izango da zer entzun ostiral gauean. Alde batetik, Beasaingo Jazpana Fest jaialdiak Atom Rhumba, Luma, Biznaga eta beste hainbat talde gonbidatuko ditu. Bestetik, Donostian Beñat Igerabide arituko da, Tabakaleran. Azkenik, Libek eta Micek kantu berriak aurkeztuko dituzte Tolosan.

Nafarroan ditugu azken bi hitzorduak: Rufus T. Firefly, Iruñean, eta Hiri Galduak, Igantzin.

LARUNBATA

Altzarikurun egongo dira Txapelpunk taldekoak disko berriko kantuak lagun. Irurtzunen, berriz, Zaunkarekin, Su Ta Garrekin, Tximeletarekin eta Dj Jotatxorekin ospatuko dute Gazte Eguna.

Beasainen Jazpana Fest jaiak ehunka lagun bilduko ditu larunbatean ere. Hori, ostera, ez da Gipuzkoak hartuko duen musika emanaldi bakarra izango. Azkoitian, adibidez, Fridays Crew eta Rude Pride arituko dira; Deban, Viverrids, Egurra ta Kitto eta Dj Bull, Donostian, Black Ice (AC/DC Tribute), eta Oñatin, Anari eta Garoa.

Amaitzeko, Elorrio kantuz bustiko dute Inunek eta Libek. Gainera, Hesianek birak azken bi kontzertuak emango ditu larunbatean: lehena, Mallabian, eta bigarrena, Galdakaon.

IGANDEA

Borja Estankonak Donostiako Txondorra Kultur Gunea girotuko du igandean, eta Ekizak horixe berori egingo du Larrabasterrako Plaza Beltza kulturgunean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena