Albisteak

Kontzertua

Extremoduro, Platero y Tú eta Marea taldeen kantek Bilboko Kafe Antzokia bustiko dute

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Bribribliblik, Los Platerok eta Triscando en la hierbak aipatu hiru taldeen abestiak oholtzaratuko dituzte datorren urtarrilaren 26an, Bizkaiko hiriburuan.

Urte hasiera oparoa izan du Bilboko Kafe Antzokiak. Willis Drummonden musikak hartu zuen aipatu aretoa joan den larunbatean, Capsulak ere egingo du agerraldia ostiral honetan, eta WASen abestiak entzungo dira bertan urtarrilaren 19an.

Horiek, ostera, ez dira urteko lehenengo hilabeteko hitzordu bakarrak izango. Hilaren 26an, Extremoduroren, Platero y Tu taldearen eta Marearen abestiak taularatuko dituzte Bribribliblik, Los Platerok eta Triscando en la hierbak, "Hay poco rock n' roll" ikuskizunean.

Bertsio gaua antolatu dute, beraz, egun horretarako Bizkaiko hiriburuan. 21:30ean hasiko dira kontzertuak, baina ordu erdi lehenago zabalduko dituzte ateak. Aipatzekoa da sarrera guztiak agortuta daudela jada.