Albisteak

Abuztuaren 11tik 19ra

Jarabe de Palo, Vendetta eta Amaia Montero, Donostiako Aste Nagusia girotzen

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Alvaro Soler, Iseo & Dodosound, Zea Mays eta Marky Ramone ere arituko dira Donostian abuztuaren 11tik 19ra. Kontzertu guztiak Saguesen izango dira, 23:45etik aurrera.

  • Argazkia: Gaizka Peñafiel

    Argazkia: Gaizka Peñafiel

Donostiako Aste Nagusian Saguesen egongo diren kontzertuen berri eman dute gaur bertan, eta egitarau oparoa prestatu dute, askotariko musika estiloak uztartuta. Dakizuenez, abuztuaren 11n hasi eta 19an bukatuko dira Gipuzkoako hiriburuko festak.

Lehenengo egunean, euskal kantuei flamenko ukitua ematen dien Sonakay taldea izango da protagonista, udaletxeko terrazan, 19:00etan, eta Boulevarden, 23:30ean. Saguesen ere ez da kontzerturik faltako. Hain zuzen, Amaia Montero igoko da oholtzara abuztuaren 11n, festei hasiera emateko.

Abuztuaren 12an, berriz, Zea Maysen txanda izango da. Gainera, Dvicioren kantuak entzungo dira bertan egun bat geroago. Hilaren 14an, Iseo & Dodosound with The Mousehunters aterako dira agertokira.

Azkenaldian moda-modan dagoen Alvaro Solerren "La cintura" abestiak ere mugituko ditu donostiarren gerriak aurtengo Aste Nagusian, abuztuaren 15ean.

Hurrengo egunean, berriz, Vendettak jarraitzaileak agurtuko ditu, horixe izango baita talde nafarrak Donostian emango duen azken zuzenekoa.

Azken bi egunetan, Marky Ramone eta Jarabe de Palo gonbidatuko dituzte: abuztuaren 17an lehena, eta hilaren 18an, Pau Donesen taldea.

Saguesko kontzertu guztiak 23:45ean hasiko dira.