Albisteak

Igandean

Araba Euskaraz festak Glaukoma eta Libe taldeen emanaldiak hartuko ditu

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Gainera, La Pulga taldearen emanaldia iragarri dute goizerako, baita Orbanak, Trago Bakoitzean, Nakba eta Duluth Arabako talde hasiberrien zuzenekoak ere.

Ibilaldia jaiak milaka euskaltzale batu zituen maiatzeko azken igandean Santurtzin. Hitzordu hori igarota, Araba Euskarazen jarri dugu arreta. Izan ere, sei egun baino ez dira geratzen Argantzonek Arabako ikastolen aldeko ospakizuna hartzeko.

Hiru gune izango ditu ibilbideak: Hiria, Hizkuntza eta Bihotza. Umeek eta gazteek eskaintza zabala aurkituko dute bertan ekainaren 17an; bertsolariak, pailazoak, dantza ikuskizunak eta tailerrak, esaterako.

Gainera, ohi bezala, musikak leku garrantzitsua izango du Arabako ikastolen aldeko jaian. Hain zuzen ere, Hizkuntza gunean bilduko dira musikazaleak, hantxe joko baitute Libek (15:30) eta Glaukomak (17:00). La Pulga taldea, berriz, goiza girotzeaz arduratuko da, eta Arabako talde hasiberriei egingo diete lekua eguerdian. Hala, Orbanak, Trago Bakoitzean, Nakba eta Duluth igoko dira oholtzara 13:00ak eta 15:00ak bitartean.