Albisteak

Kontzertuen egitaraua

Doctor Deseo, Amparanoia eta Skakeitan, Basauriko San Fausto jaietan

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Urriaren 6tik 14ra ospatuko dituzte festak basauritarrek. Egun horietan askotariko musika estiloak nagusituko dira, gazteei zein helduei zuzendutako egitarau zabala prestatu baitu Herriko Taldeakek.

Oraindik denbora asko falta da Basauriko San Fausto jaiei hasiera emateko, baina Herriko Taldeakek aurkeztu du dagoeneko urrian ospatuko dituzten festetako egitaraua.

Hain zuzen ere, urriaren 6an hasi eta 14an bukatuko da jai-giroa Bizkaiko aipatu udalerrian, non askotariko musika estiloek izango duten lekua, gazte zein helduei zuzendutako egitarau zabalari esker.

Hala, urriaren 6an Skakeitan eta Ozen igoko dira oholtzara. Hilaren 9an, berriz, 60ko eta 70eko hamarkadetako musikarekin girotuko dute gaua, Alma Maria y los Tres Sudamericanos eta Luis Carlos del Pozo musikarien laguntzarekin.

Urriaren 10eRAKO Arizgoiti erromeriaren emanaldia iragarri dute, eta egun bat geroago aterako da agertokira Alaskaren kantuak taularatuko dituen El Rey del Glam taldea, baita Ezetz erromeria ere.

Zalantzarik gabe, urriaren 12an helduko da festetako plater nagusia, orduantxe joko baitu Doctor Deseok.

Bukatzeko, hilaren 13an, San Fausto egunean, La Tokokeraren eta Amparanoiaren txanda izango da.