Albisteak

KONTZERTUAK

Musikak bustiko ditu Euskal Herriko txoko ezberdinetako jaiak asteburu honetan

IDOIA ARANBARRI | EITB.EUS

Besteak beste, Berri Txarrak, La Pegatina, Zea Mays, Willis Drummond, Doctor Deseo eta Su Ta Gar arituko dira asteburuan.

  • Berri Txarrak

    Berri Txarrak

Iruñeko sanferminetan ez ezik, Euskal Herriko hainbat herritan ere festa giroan daude murgilduta. Horrela, ohi denez, ez da kontzerturik faltako herri horietan.

Ostirala

Sanferminetako lehen egunean, La Pegatina eta Los Caligaris taldeak igoko dira Foru plazan dagoen oholtzara, 23:30etik aurrera. San Fermin giroan jarraituz, Lesakara egingo dugu salto, Tremenda Jauria eta Ziribulio Sound egongo baitira bertako txosnagunean.

Su Ta Gar, Governors eta OST taldeen ikuskizunaz gozatu ahal izango duzu Amorotoko frontoian. Bizkaian jarraituz, Zea Maysek joko du Mungian, txosnetan.

Gipuzkoan ere ez da musikarik faltako, Deus Ez, Doctor Deseo eta Willis Drummond taldeak arduratuko baitira Eibarko Amaña auzoko festak girotzeaz.

Larunbata

Sanferminen bigarren egunean, Iseo & Dodosound with The Mousehuntersen txanda izango da Iruñeko Foru plazan. Esne Beltzak, berriz, Nafarroa Behereko Donamartiriko plazan joko du.

Willis Drummond Eskoriatzan arituko da, Gernika plazan, eta Revolta Permanentek, aldiz, Mungia jarriko du dantzan.

Añorgako Gaztetxean, bestalde, Rukula eta Gabezin taldeen musika entzuteko aukera izango da.

Igandea

Berri Txarrak taldeari egokituko zaio Iruñeko sanferminetako hirugarren eguna girotzea. Infrasoinuak lan berriko abestiak taularatuko ditu hirukote nafarrak Foru plazan.

Frikun eta Eraul, berriz, Hondarribiko Kasino zaharraren parkean arituko dira.