Albisteak

Irailaren 15ean

Keu Agirretxea, Ekiza eta Maider Zabalegi, Ordiziako Aftersun festan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Irailaren 15ean egingo dute Afertsun festa, Ordiziako Oiangu parkean. Kontzertuak ez ezik, tailerrak, erakusketa, behaketa astronomikoa eta umeentzako jolasak egongo dira han.

Urriaren bigarren hamabostaldian egiten dute urtero Ordiziarrock jaialdia, baina urtean zehar ere ekimen garrantzitsuak antolatzen dituzte Ordiziarrock Ekintzak taldekoek. Hala, urriko hitzordua prestatzen dabiltzan bitartean, Aftersun jaia antolatu dute atariko gisa.

Irailaren 15ean izango da aipatu festa Ordiziako Oiangu parkean. Han, haurrei zein gazteei zuzendutako jarduerak egongo dira; besteak beste, musika emanaldiak.

Hain zuzen ere, Keu Agirretxea, Ekiza, Maider Zabalegi eta Los Pies del Gato gonbidatu dituzte estreinako edizio honetara. Gainera, S.S.S disko-jartzailea izango da Oiangun musika jartzen.

Kontzertuak ez ezik, tailerrak, erakusketa, behaketa astronomikoa eta umeentzako jolasak hartuko ditu egun osoko egitarau zabalak.